Kritiken ondorioz, Loiolako Erriberan eraikitzekoak ziren dorreak txikituko ditu Jaurlaritzak
Loiolako Erriberan etxebizitzak eraikitzeko Jaurlaritzaren proiektu batek, hautsak harrotu zituen auzoan. Hilabeteak eman dituzte ezer jakin gabe, herenegun, Jaurlaritzak bere asmoen berri eman zuen arte. Bizilagunak, ordea, ez daude pozik.
Loiolako Erriberan eraikitzekoa ziren etxebizitzen inpaktu fisikoak eta gehiegizko bolumenak sortu duen polemika ikusita, eraikigarritasuna murriztu dutela jakinarazi du Jaurlaritzako Pedro Jauregi Etxebizitzako sailburuordeak.
Hasiera batean, hogei solairuko eraikin bat egin nahi zuten bertan, 120 bizitoki zerbitzudun egokiturekin. Hala ere, kexen aurrean «sentiberak» izaten saiatu direla azpimarratu du sailburuordeak, eta eraikigarritasuna %40 murriztuko dute: hogei solairuko eraikinaren ordez, hamahiru solairuko bat eta zazpi solairuko beste bat egingo dituzte, eta orotara, 90 bizitoki zerbitzudun egokitu eraikiko dituzte.
Bestalde, Nekane Arzallusek jakinarazi du etxebizitzaren Donostiako udal erregistroaren arabera, 2100 eskatzaile daudela zain bizitoki zerbitzudun egokitu bat izateko. Horri erantzuna emateko, hurrengo urteetan mota horretako 567 bizitoki egingo dituzte hirian. Aipatu bezala, Loiolako Erriberan 90 daude hitzartuta, eta Morlansen 160.
Bizilagunak, «haserre»
Riberas en Accion-en arabera, Jaurlaritzaren proiektuak «ez du ezertxo ere aldatzen. Hogei pisuren ordez, zazpi edo hamahiru izateak, beste dorreen pareko jartzen du, besterik ez». Bizilagunen ustez, kontaminazio akustikoa da arazo nagusia, «Donostiako handienetakoa da». Araudiaren arabera, «debekatuta dago 50 metro baino gutxiagora eraikitzea». Zergatik darama aurrera orduan Eusko Jaurlaritzak proiektua? Ekipamenduetarako etxebizitzak direla argudiatua. «Etxebizitza librea bada, ezin da egin, baina bestelakoak bai. Hor ikusten da nortzuk diren lehen eta bigarren mailako herritarrak».
Besteak beste, auzorako ekipamenduak behar dituztela gogorarazi dute: Kultur etxea, anbulatorioa, haur txokoa edo gaztelekua.