Lucia Lacarra dantzaria Kontxako barandako ballet erakustaldian izango da
Thalia dantza estudioko ikasleekin batera parte hartuko du, eskola hartan ikasi baitzuen balleta, Mentxu Medel irakaslearekin.
Urtero, dantzaren hilabetea dela eta, Donostiako kaleak dantzaz bete ohi dira. Igandean XXIV. Kontxako barandako ballet erakustaldia egingo dute, eta Zumaiako Lucia Lacarra dantzariak parte hartuko du, beste hainbat ballet dantzarirekin batera. Donostian ikasi zuen balleta Lucia Lacarrak, Mentxu Medelekin (Donostia, 1954) , eta haren estudioko dantzariekin izango da.
Txikien baranda 11:00etatik 11:30era izango da, Nautikotik Kontxako kafetegiraino. Maila ertaineko baranda 11:50etik 12:20era egingo dute, Nautikotik Kontxako kafetegiraino. Eta, azkenik, nagusien baranda 12:45etik 13:30era izango da Nautikotik Kontxako kafetegiraino. Alderdi Ederreko lorategietan ere izango dira dantzari batzuk. Guztira, 30 irakasleren 1.299 ikaslek parte hartuko dute. Gipuzkoako zenbait herritako 23 dantza eskolatakoak eta Bizkaiko bi herritakoak dira.