«Nerabeak eroso sentitzea eta bueltatzeko gogoa izatea nahi dugu»
Auskalo aisialdi taldeak 30 urtetik gora daramatza Antiguako nerabeekin lanean. Sorreraz geroztik, ehunka gaztetxo igaro dira auzoko elizpean duten lokaletik. Beste hainbaten artean, aisialdi taldearen sorreran ibilitako Xabi Alkezar Aramendi (Antigua, 1971) eta egun begiralea den Irati Soroa Amenabar (Errotaburu, 1998) dira horietako bi.

Nolakoa izan zen aisialdi taldearen sorrera?
Xabi Alkezar Aramendi (X.A.A.): Gure garaian, oraingo egoerarekin alderatuta, oso ohikoa zen jaunartzea eta ondoren zetorren konfirmazioa egitea. 14-16 urte bitarteko taldean elkartzen ginen orduan, eta zortea eduki genuen monitoreekin harreman ona genuelako. Beraiek sartu ziguten zerbait sortzeko harra; auzoko nerabe zein gazteei bestelako aisialdirako aukera eman nahi genien, beharra sumatu genuen, eta taldea osatzera animatu ginen, balio batzuetan oinarrituta. Gainera, gure begirale izan zen Xabi Anza oso garrantzitsua izan zen guretzat, zerbait gehiago egiteko grina piztu zigun berak.
Nola osatzen da Auskalo?
Irati Soroa Amenabar (I.S.A.): Guk beti esaten dugu Auskalo gazteek, begiraleok eta baita ere familiek osatzen dutela. 12-18 urte bitarteko nerabeak etortzen dira gurera, DBHko lehenengo mailatik batxilergoko bigarren maila bitarteko ikasleak. Adinka banatzen gara, belaunaldi berekoek talde bana osatzen dute, eta asteburuero saioak egiten ditugu talde txikietan. Elkarbizitza jardueretan aldiz, adinak nahasten ditugu talde handian.
X.A.A.: Guk gure garaian nerabeak eta heldutasun pixka bat gehiago zeukaten gazteak bereizten genituen. Gune irekia zen, gauza ezberdinak egiten genituen: mendi-taldea asteburuetan, abesbatza txiki bat, kontzienzia-objekzio eta intsumisioaren inguruko taldea ere bazen. Nahi zuenak beste zerbait egiteko tokia zuen.
Lehen ere oraingo leku berean elkartzen ginen, bilerak goiko gelan egiten genituen, trastelekua ere erabiltzen genuen… Jarduerak, aldiz, elizpeko lokalean bertan edo auzoan zehar egiten genituen.
Zer da Auskalo zuentzat? Nola oroitzen dituzue nerabe garaiak? Batzuk nerabe izatetik guraso izatera igaro zarete.
I.S.A.: Gure inguruan denok diogu oso garrantzitsua dela Auskalo. Zeure buruaz asko ikasten duzu, baina baita elkarbizitzaz eta errespetuaz ere. Aisialdi talde batean bestelako egoerak sortzen dira; ikaskuntza aldetik asko ematen du, jende asko ezagutzen da hemen, adin ezberdinekoa gainera. Harreman bereziak sortzen dira, ez da kalean ezagutzen duzun norbaitekin daukazuna bezalakoa.
X.A.A.: Niretzako aspaldiko kontua da, baina, guretzako unibertsitate moduko bat izan zen; Iratik esan duen moduan, ikasteko, elkarbanatzeko, errespetatzeko eta desberdina den jendearen artean adosteko balio izan digu. Guraso moduan, uste dugu gure seme-alabentzat gune aproposa dela, oso lasai gaude aukera hau duten bitartean. Gure sasoian zailagoa egiten zitzaigun auzoko lanetan parte hartzea. Garai ezberdinak ziren, oso politizatuak, eta, nolabait, elizaren parte ginen. Orain, uste dut Auskalo oso integratua dagoela auzoko bizitzan. Guretzako inflexio puntua Olentzeroren desfilean parte-hartzen hasi ginenean izan zen. Auzoarentzat zerbait egin nahi genuen, eta lehen urratsa izan zen, ordura arte auzoan aritzen baginen ere.
Auskalok zer eskaintzen dio Antigua auzoari?
I.S.A.: Gaur egun gauza askorako hartzen gaituzte kontuan: auzoko jaiak direnean haurren jolasak antolatzeko, txandak egiteko, Olentzeroren jaitsiera antolatzeko… Luberri Institututik ere deitzen digute, ikasketa bidaian beraiekin joateko.
X.A.A.: Bizilagunei alternatiba oso aberasgarria eskaintzen die, gazte eta gurasoentzako oso baliagarria da. Seme-alabak hona etortzeak lasaitasun puntu bat dakar, bestela, larunbat arratsaldeetan badakigu non egongo liratekeen [barrez].
I.S.A.: Berez, hona jolasak egitera gatoz, baina, elkarbizitzak eta aniztasunak asko hezten du. Bada lehenengo mailan sartu eta oso modu ezberdinean irteten den jendea, onerako. Noski, faktore asko daude tartean, baina, taldeak badu eragina. Gure lagun batek beti dio hemen sartu zenean oso pertsona isila zela, eta taldean ikasi duela jendearen aurrean askatzen.
Pedagogiaren ikuspegitik, erabiltzen dituzuen dinamika eta jolasak zertan oinarritzen dira?
I.S.A.: Talde bakoitzera egokitu ohi gara. Txikiagoekin jolas mugituak egiten ditugu, ginkanak eta tankerakoak. Horrela, duten energia askatu dezakete. Adinak aurrera egin ahala, hausnarketa bultzatu eta jarduerak elkarrekin sortzen ditugu. Eroso sentitu eta bueltatzeko gogoa sortzen duen zerbait egiten ahalegintzen gara, konfiantzazko giroan.
Aisialdiari begira, zein dira auzoan dauden aukerak? Nola aldatu da?
X.A.A.: Gure garaian aukera askorik ez zegoen, eta zegoen hori gazteentzako eta helduentzako zen. Egun, Auskaloz gain, haurtxokoa eta gaztelekua ere badira.
Egia da kalean gehiago ibiltzen ginela, orain, teknologiak tarteko, harremanak ezberdinak dira, eta etxetik gauza gehiago egiten ditugu.
I.S.A.: Nik uste adin-tarte kritikoa 12 urtetik aurrera dagoela. Ordura arte, parkean, kirolean edota gurasoekin egon ohi gara. Baina, 16 urte bete bitarteko tartea nahiko huts geratzen da. Noizean behin zinemara edo kirol kantxetara joateko aukera dago. Bestela, gozokiak erosi eta banku batean esertzea ohikoa da.
Borondatez egiten duzue lan. Zer jasotzen duzue trukean?
X.A.A.: Oso aberasgarria izan da pertsonekin erlazionatzeko eta elkartasuna ulertzeko. Beti pentsatu dut musu-truk lan egiten duen kolektibo bat badago, zerbait ona egiten ari denaren seinale dela.
I.S.A.: Gazteak gustura daudela ikusteak asko betetzen du. Egia da momentu kritikoak badaudela, gauza asko pilatzen dira bizitzarekin. Baina, zuk egindako lanak zeozertarako balio duela ikusten duzu. Nik bizi izan dudana, niri eman didatena, nik ere eman nahi dut, beste batzuei eskaini nahi diet.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira zuen planak?
I.S.A.: Nik aurten amaitzen dut Auskalon, nire azken urtea da begirale lanetan. Hutsune handia izango dut, baina badakit taldeak aurrera jarraituko duela. Bestalde, momentu kritikoa ere bada, lokala kendu nahi digute eta lokalik gabe ez dugu zer eginik.
X.A.A.: Dagoeneko inertzia hartuta du taldeak. Nik ere lokalaren inguruan entzun dut zerbait, baina ea beste irtenbiderik aurkitu daiteken.