Zuhaiztiko kiroldegian ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute
Korrika Kulturalaren barruan, Groseko auzo elkarteak elkarretaratzea egin du ostiral arratsaldean Zuhaizti kiroldegiaren aurrean, Euskaraz bizi nahi dugu lelopean, guneko hizkuntza paisaiak hizkuntza eskubideak urratzen dituela salatzeko.
Azaldu dutenez, “hainbat” dira Groseko hizkuntza paisaian dauden hizkuntza eskubideen urraketak, eta “adibide argi” bat da Zuhaizti kiroldegia: “Berrikuntza lanak amaituta, badirudi Donostiako Udalak igerileku baten ordez swimming pool bat nahiago duela. Kiroldegiko paisaia linguistikoan euskararen presentzia justu-justu bermatzera mugatu du bere egitekoa. Karteldegian, oro har, ez da euskara lehenesten; bertako musika ere nekez izaten da gure hizkuntzan… Hitz gutxitan, kiroldegira goazen auzotarrok kirola gune euskaldun batean egitetik urrun sentitzen dugu geure burua, eta udalak ardura handia du honetan guztian”. Izan ere, Zuhaiztiko instalazioak udalarenak dira, nahiz eta BPX Sport enpresak kudeatzen dituen gaur egun.
Horregatik, elkarretaratzea egiteaz gain, sinadurak biltzen aritu dira, udalari eskatzeko “udal eraikin guztietan, Zuhaiztikoa barne, gure ama hizkuntza lehentasunezkoa izan dadila”. “Donostiako Udala hitzetatik ekintzetara pasa dadin, eta Korrikako lekukoa hartzeaz harago, konpromiso sendoak har ditzan”, gaineratu dute.
Korrika Kulturalaren barruan egoteaz gain, Hondarpe elkarteak pasa den martxoaren 21ean abiatutako Udaberri Gorria egitasmoaren barruan zegoen ostiraleko elkarretaratzea. Martxoaren 22an egin zuten lehenengo jarduera, Nuestro George Floyd dokumentala proiektatuta. Gros auzoa saretzea du helburu nagusitzat egitasmoak, Auzo guztia bat eginikan, ez gabiltz gerorik gabe lelopean. Jarraian, datozen asteetarako prestatu duten egitaraua:
- Apirilak 1, Euskal Preso Politikoen aldeko enkartelada ibiltaria, 19:30ean, Pinudi plazatik abiatuta,
- Apirilak 3, Rol jolasak Gaztelutxiki tabernan, 17:00etan, (Korrika Kulturalaren barruan).
- Apirilak 9, Euskal Herria Harrera Herria mahai ingurua, 17:00etan, Hondarpen.
- Apirilak 12; Cosmetica y limpieza, ¿que producto es ecologico? saioa, 19:30ean, Hondarpen.
- Apirilak 25; Lan osasunaren inguruko eskola, 19:30ean, Hondarpen.
- Apirilak 29; Como hacer jabon en casa con aceite usado ikastaroa, 19:30ean, Hondarpen.
- Maiatzak 2; errepresioaren inguruko hitzaldia, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean.
- Maiatzak 7, Txispas ikastaroa 10:00etan, Hondarpen.
- Maiatzak 8, Alokairu kontratuaren inguruko eskola, 19:30ean, Hondarpen.
- Maiatzak 15; Un golpe con estilo filmaren emanaldia, Koba Hostelean, 17:30ean.
- Maiatzak 21, Bizikleta ikastaroa, 10:00etan, Hondarpen.
- Maiatzak 23, Lan kontratuaren inguruko eskola, 19:30ean, Hondarpen.
- Maiatzak 29, Momo marrazki bizidun emanaldia, Koba Hostelean, 17:30ean.
- Ekainak 12, Autodefentsa ikastaroa (lekua eta ordua zehazteko).
- Ekainak 23, solstizio jaia.
- Ekainak 26, Itsasoiko dokumentalaren emanaldia, Koba Hostelean, 17:30ean.
- Ekainak 28, LGTBI+ eskubideen aldeko manifestaziora joateko auzo zutabea.