Duela 40 urte amaitu zen Korrika estreinakoz Donostian
2. Korrika, Donostiako erdiguneko kaleetatik. (Argazkia: Arturo Delgado/Kutxateka) Igande honetan, hilaren 10ean, bosgarrenez amaituko da Korrika Donostian, baina ez da lehenengo aldia. 2011n amatu zen hirian azkenekoz, baina, ba al dakizu zein izan zen lehenengo urtea? Korrika 1982an amaitu zen Donostian estreinakoz, duela 40 urte.
Bigarren Korrika zen hura, eta maiatzaren 22an abiatu zen Iruñetik (Nafarroa), 1.822 kilometro egin ostean, maiatzaren 30ean Donostian bukatzeko. Ez zen Korrika erraza izan, hasiera arriskuan egon baitzen: Nafarroako Gobernadore Zibilak herrialdea zeharkatzeko baimena ukatu zion Korrikari, baina amore eman behar izan zuen azkenean. Hori ez zen izan, ordea, 2. Korrikak izan zuen oztopo bakarra, EAJren zuzendaritzak eskatu baitzuen Korrika diruz ez laguntzeko.

2. Korrikaren amaierako ekitaldia, Bulebarrean. (Argazkia: Arturo Delgado/Kutxateka)
AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde izan zen 1982ko Korrikako leloa, eta Rikardo Arregi izan zen omendua. Hain zuzen ere, lehenengo Korrikako (1980koa) akatsa zuzendu zuten omenaldi horren bidez. Izan ere, Arregik idatzi duen 1980ko Korrikan lekukoaren barruan zihoan mezua: Euskaltzaindiari idatzitako gutun bat zen. Ordea, Korrika helmugara heldu zenean, ohartu ziren lekukoaren barruko mezua falta zela, eta, beraz, ezin izan zuten irakurri. Mezua irakurri ez izanak eta diskurtsoaren edukiek gaiztotu egin zuten AEK-k Euskaltzaindiarekin eta EAJrekin zuen harremana.
Garaiko kronikek diotenez, 2. Korrika lau ordu inguruko atzerapenarekin bukatu zen Donostian, 1982ko maiatzaren 30ean. Oarsoaldetik sartu zen hirian, Mirakruz gainaren inguruan egin zituen lehenengo metroak; zati horretan, lau urteko haur batek eraman zuen lekukoa, inguruan zebiltzan txarangen eta konpartsen erritmora. Garaiko AEK-ko presidente Juan Calzadak sartu zuen lekukoa Bulebarrean, eta berak irakurri zuen Rikardo Arregik berak idatzitako mezua. Eusko gudariak abesten amaitu zuten Bulebarreko ekitaldia, eta egun osoan zehar txarangak ibili ziren Parte Zaharretik, bertso saioak izan ziren eta herri bazkaria Trinitate plazan, besteak beste.


