Liburuaren Nazioarteko Eguneko azoka Gipuzkoa plazara itzuliko da hilaren 23an
Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da apirilaren 23an, eta bi urteko etenaren ostean, Liburu Azoka Gipuzkoa plazara itzuliko da. 09:30etik 21:00ak arte egongo da zabalik eta orotara, liburu-denden hamaika stand egongo dira. Aurten gainera, bi liburu-denda batuko dira ekimen honetara: Okendo kaleko Hontza eta Egia auzoan zabaldu duten Ebla.
Donostia Kulturak eta Liburu denden elkarteak elkarlanean antolatu dute ekimena, eta azken horretako ordezkaria den Ines Garciak aurkezpenean azaldu duenez, stand guztietan %10eko deskontua egongo da liburuetan. Gainera, liburuak erosteagatik txartelak banatuko dituzte. Horiekin opari-liburuak (300 ale) eta %5eko deskontu-txartelak lortu ahal izango dira. “Gipuzkoa plazan ez ezik, liburu-denden kanpoaldean ere jarriko ditugu liburuak. Horrela, Donostia osoan ospatuko dugu Liburuaren Eguna”, jakinarazi du Garciak.
Azokarekin batera, programazio zabala prestatu dute antolatzaileek. Liburua eta irakurlea “ardatz” hartuta, “giro alaia” sortzea izango da helburua. Horretarako, 11:00etan Alizia herrialde miresgarriko pertsonaien kalejira koloretsua egongo da lehen aldiz, eta baita istorio horretan oinarritutako bideo bat ere, Asier Burguete, Joanes Etxebeste eta Lorea Intxausti aktoreen parte hartzearekin. Bideoa azokan edo Donostia Kulturako Youtube kanalean ikusteko aukera izango da. Goizeko egitaraua bukatzeko, 12:30ean Mirari Martiarenak umorezko bakarrizketa eskainiko du.
17:30ean, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek Zenbat buru, hainbat liburu saioa egingo dute, eta 2021ean liburutegi sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu dituzten hamar haurrei saria emango diete. 19:00etan, Bertso saio literarioa ikusi ahal izango da Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugarteren eskutik.
Irakurketei dagokienez, 13:00-13:45 bitartean, Ana Merinok dinamizatuta, Egun handi baterako kontakizun laburrak saioan hainbat liburutegitako erabiltzaileek hartuko dute parte. Eta 16:30-17:15 bitartean, Euskal Itzultzaileen Elkartearen eskutik, Gema Lopez Las Heras egongo da, berriki itzuli duen Landa aldeko neskak (Edna O’Brien) liburuari buruz solasean.
Pio Barojaren 150. urteurrena
Pio Baroja idazlea jaio zela 150 urte beteko dira aurten, eta hori gogoratzeko, orri-markagailu bat diseinatu du Iñaki Martiarena “Mattin”-ek. Gainera, 10:30ean ibilbide literarioa gidatuko du Amaia Garciak, Isidoro Fernandez aktoreak lagunduta. Bertan parte hartzeko, eskaera egin behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz. Pio Barojaren omenezko orri-markagailua eta Javier de Isusi ilustratzaileak Liburuaren Egunerako diseinatu duena Azokan bertan eskuratu ahal izango dituzte bertaratzen direnek.