'Euskalakari' hitzaren esanahia argitu zuen Donostian 2011ean amaitu zen Korrikak
Apirilaren 7an Trebiñun hasi eta hilaren 17an Donostian amaitu zen 17. Korrika, 2011n. Egun hori esanguratsua izan zen, euskaldunon hiztegian lekua hartu baitzuen hitz berri batek: euskalakari-k, hain zuzen. Hitz horren definizioak 2.507 kilometroko ibilbidea egin zuen Korrikako lekukoaren barruan gordeta, eta azken kilometroetan garai hartan euskal telebistako Mihiluze saioko aurkezle ziren Ilazki Serrano eta Kike Amonarrizek eraman zuten lekukoa, ondoren bulebarrean beraiek idatzitako mezua irakurtzeko: “Euskalakari Edurne eta Mohammed, Aste Nagusian elkar ezagututa, euren arteko maitasuna euskaraz gozatzea eta amodioa euskaraz egitea erabaki zutenetik. Euskalakari dira arauak eta hiztegiak prestatzen orduak ematen dituzten euskaltzainak eta EGA titulua atera ezinik dabilen Mireia”, zioen mezuaren zati batek.
Gaur egun, ofizialki euskalakari hitza hiztegian ez badago ere, oso hedatuta dago bere esanahia, eta une honetan kalean dago adibiderik esanguratsuena: milaka dira egun hauetan, eguraldia eta baldintzak edozein direla ere, Euskal Herria zeharkatuz Korrikan parte hartzen ari diren euskalakariak.