Herritarrek Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko ekarpenak egin ahalko dituzte
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berritzeko prozesua abiatu du. Martxoaren 28an egin zuten prozesuaren lehen saio publikoa, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Era berean, partaidetza prozesu bati hasiera eman dio udalak, eta herritarren euren ekarpenak egin ahal izango dituzte hilaren 18ra arte. Udalaren webguneko Herritarren Partaidetzarako Atalaren bidez egin behar dira.
Aurretiazko kontsulta publikoaren parte da partaidetza prozesua. Helburua da, lehenik eta behin, azaltzea zer arazo konpondu nahi diren egitasmo horrekin, zer behar eta aukera dagoen plana onartzeko, zer helburu dituen, eta zer irtenbide alternatibo dauden arautzeko eta ez arautzeko. Bigarrenik, herritarren ekarpenak jasotzea. Herritarrekin hainbat jarduera aurrez aurre eta digitalki egingo dituzte, eta horien berri emango dute. “Kontsulta aktibo honetan aztertuko da Plan Orokorraren berrikuspena zertarako den eta zergatik ematen den”, azaldu du udalak.
Indarrean dagoen HAPOa 2010. urtean onartu zen. Hamabi urtez garatu ondoren, abiapuntuko kasuak nabarmen aldatu dira, horietan oinarrituta aurreikusi baitziren planeamenduko aurreikuspen eta irtenbide orokorrak, hiria 2010-2020 aldirako eraldatzeko. “Horrek arazo nagusi bat sortzen du: egungo hirigintza araudia ez dago egungo egoerara egokituta, hiriaren egungo beharrak ase ahal izateko”. Hori dela eta, HAPOa berrikustea beharrezkoa zela erabaki zuen udalak. “Horrela, Donostiak bere egungo eskaeretara egokitutako hirigintza plan bat izango du, etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izanez”.
Arauaren helburuak
HAPO berriaren helburu nagusia Donostiako lurzorua eta eraikinak arautzea eta antolatzea da, publikoak zein pribatuak. Helburuak, hurrengo hauek dira zehazki. Batetik, udalerriko lurzorua sailkatzea, bai publikoa baita pribatua ere (hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta urbanizatu ezin den lurzorua). Bestetik, lurzorua kalifikatzea, erabilera xedatuz (bizitegikoa, jarduera ekonomikoak, zuzkidurak…) eta azkenik bolumenak arautzea (eraikigarritasuna, lurzoruaren okupazioari eta altuerei dagokionez). “Laburbilduz, Plan Orokor berriak zer, non eta zenbat egin ahal izango den arautuko du, Donostiako eremu fisikoan, bai lurzoru publikoan bai pribatuan”.