Joseba Tapiak jasoko du Adarra Saria
Donostia Kulturak Joseba Tapia musikariari emango dio aurtengo Adarra Saria. Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian izango da sari-emate ekitaldia eta, bukatutakoan, Tapiak kontzertua eskainiko du lagun musikari andanaz inguratuta.
Epaimahaiaren arabera, saria ematerakoan kontuan hartu dira Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere. Adarra Saria jasoko zuela jakindakoan, hauxe adierazi zuen Joseba Tapiak: “Aurretik sarituak izan diren euskal kantari horien belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentitzen naiz. Euskal kantari profesionalak gara eta borrokan ari gara euskararen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator ere, nirekin ibili diren eta dabiltzan musikari, teknikari eta profesional guztiekin partekatu nahiko nuke”.
Bere azken diskoa, Egon edo ez egonaurkeztuko du musikari hauez lagunduta: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenora) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).
Ekainaren 21eko konztertu honek Tapiak apirilaren 28an Victoria Eugenia Antzokian eman behar zuen kontzertua ordezkatuko du eta sarrerak ekainaren 21eko kontzerturako baliagarriak izango dira. Sarrerak salgai dira dagoeneko, 18 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak helbidean.