Korrikarekin lotutako Ihes Gela birtuala sortu dute Peñaflorida institutuan
Donostiako Peñaflorida-Usandizaga institutuko ikasleek Korrikarekin lotutako Ihes Gela bat egingo dute ostiralean, klaseko azken bi orduetan. DBH1etik DBH4ra bitarteko ikasleek hartuko dute parte, eta Ihes Gelako proba gehienak online izango badiera ere, ikastetxean zehar ere aurkitu beharko dituzte pistak, beraiek sortutako lekukoak eskuan dituztelarik.
Ideia institutuko Xabier Lizarraga, Loren Loidi eta Leire Gallastegi irakasleena da, eta Euskararen Egunean du oinarria. Lehengo urteko Euskararen Egunerako Ihes Gela bat antolatu zuten eta horri jarraituz erabaki dute Korrikarako ere antzeko zerbait egitea. “Pandemia dela eta, Euskararen Egunean ezingo ginenez patioan elkartu, geldirik egoten ez dakigun irakasle batzuk batu, bakoitzak bere ezagutzak mahai gainean jarri, eta aplikazio baten bidez online joko hau prestatzea erabaki genuen. Azken finean, galderak pentsatzean dago gakoa eta Euskal Herriko kultura eta lurraldea ezagutzeko galderak prestatu ditugu. Lan handia eskatzen badu ere, merezi duela uste dugu”, azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Gallastegik.
Euskararen Egunerako prestatutako Ihes Gela hartu, pixka bat aldatu eta lortu dute Korrika ospatzeko jokoa osatzea. “Ihes Gelaren helburua, benetako Korrikan bezala, mezu bat lortzea izango da. Mezu hori lortzeko probintziaz probintzia pasa beharko dute, zenbait proba gaindituz. Probintzia batetik bestera pasatzerakoan, ikasle bat joan beharko da, lekukoa eskuan duela, dagokion toki horretan ezkutuko pasahitza lortzera”, zehaztu du Gallastegik.
Korrikako Ihes Gela Peñaflorida-Usandizaga institutura egokitu bazuten ere, moldatzea erabaki dute, beste ikastetxeetara zabaltzeko. Oraingoz, Donostialdeaz gain, Irunen eta Nafarroako toki batzuetan ere zabaldu dute jokoa.