Maiatzaren 14an egingo dute Donostia-Baiona-Donostia txirrindularitza martxa
Pasa den larunbatean zen egitekoa 20. Donostia-Baiona-Donostia txirrindularitza martxa, baina eguraldi iragarpenak zirela eta, bertan behera utzi zuen Bera Bera klub antolatzaileak. Ordea, dagoeneko iragarri dute noiz egingo duten martxa: “COVID-19ak zerbait erakutsi badigu da ezbeharren aurrean jarraitu beharra dagoela, eta hori egin dugu, segituan jarri gara agintariekin lanean buru-belarri, eta dagoeneko badugu 2022ko DBD martxa antolatzeko data berria: maiatzak 14″.
Horrela, inskripzioa ordainduta zuten txirrindulariek zenbait aukera dituzte maiatzaren 14ra begira, eta apirilaren 11 baino lehenago hartu behar dute erabakia. Alde batetik, maiatzaren 14an parte hartu dezakete, euren posta elektronikoetan jaso duten mezuko estekan klik eginda eta parte-hartzea baieztatuta. Bestetik, baja eman dezakete, dirua itzultzeko eskatuta (5 euro kobratuko dizkiete antolaketa gastuengatik). Era berean, dirua itzultzeko eskatu gabe ere baja eman dezakete; kasu horretan, martxaren maillota oparituko diete (etxean jasoko dute ekainean). Euren inskripzioa beste pertsona bati uzteko aukera ere badago, baita 2023ko martxarako gordetzekoa ere. Hemen kontsultatu daitezke aukera guztiak, zehatz mehatz.
Bestalde, libre gelditu diren plazekin, izena emateko epea irekiko dute berriz ere hilaren 12an. Aurten, gainera, hedabide honen hiru produktu sorta zozkatuko dituzte martxan, parte hartzen duten txirrindularien artean.