Uraren Euskal Agentziak esku hartze bat egingo du Okendotegin, uholdeak saihesteko
Uraren Euskal Agentziak esku hartze bat egingo du Martuteneko Okendotegi gunean, han gertatu ohi diren uholdeak saihesteko. Zehazki, Errekabeltza erreka hidraulikoki egokituko dute, Urumea ibaiaren ezkerraldean, Astigarragako Ergobia auzoaren pareko 300 bat metroko tarte batean.
Proiektuaren idazketa lizitatu du orain Uraren Euskal Agentziak, 85.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) eta sei hilabeteko epearekin. Erakundeak azaldu duenez, eremu horretan hogei etxebizitza eta 80 bat biztanle daude, eta “uholde errepikarien eragina jasaten dute: errekastoaren hedapen naturaleko eremuak okupatu ondoren, errekak orain duen sekzioa ez da nahikoa bere arroaren ur ekarpenak husteko, eta, gainera, Urumea ibaiaren goraldiak berak eragozten du urak hustea, ur askoko gertakarietan”. Iazko abenduan bertan, esaterako, uholdea sortu zen Okendotegin.