Donostia Festibala bueltan da: Melendi, Nil Moliner eta Nogen ariko dira, besteak beste
Bi urtez hipodromotik aldenduta egon ostean, irailean itzuliko da hara Donostia Festibala: 16an eta 17an egingo dute, eta sarrerak bihar, hilaren 8an, jarriko dituzte salgai. Oholtzara igoko diren lehen musika taldeak iragarri dituzte dagoeneko, eta jaialdiaren “erregistro estilistikoa irauli” egin nahi dutela nabarmendu dute, azken urteotako musika urbanoa pop-rockarengatik aldatuko baitute. Hain zuzen ere, Melendi musikari espainiarra da iragarri duten karteleko burua.
Euskal Herriko zenbait talde ere ariko dira jaialdian: Nogen donostiarrak, Bulego, Bengo eta Andrea Santiago, hain justu. Horrez gain, Nil Moliner, Arnau Griso, Stay Homas, Marlon eta Veintiuno taldeek ere joko dute. Lehenengo 1.000 sarrerak 38 euroan salduko dituzte ostiralean, hemen.
2020an, pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia, eta, 2021ean, egoerara hobeto egokitzeko, Anoetako belodromoan egin zuten. Besteak beste, Kase.O eta Los Chikos del Maiz rap abeslariak aritu ziren orduan, 2.600 lagunen aurrean.