Erviti musika dendaren lokal zaharra "suntsitzen" ari direla salatu du Ancorak
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu duenez, Erviti musika dendaren lokal zaharra, Artzain Onaren katedralaren pareko arkupeetakoa, “suntsitzen” ari dira. Elkartearen arabera, asteazkenean hasi zituzten lokalaren barruko lanak, eta udalari eta lanen sustatzaileei gogorarazi diete kanpoaldeko egurrezko zatia babestuta dagoela Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian, eta, beraz, “modu zorrotzean mantendu” behar dela. Era berean, Ancorak adierazi du saltoki historikoak “oso ondasun urria” direla Donostian, eta ez dutela udalaren “babes eta aitorpen nahikoa”: “Udalaren hirigintza araudiak zenbait hondamendi eragin ditu berriki, adibidez, Susperreguirena, Ttaka Bazarrena, Transportes Lasarterena eta Barandiaran tabernarena”.
Ancorak azaldu du du establezimendua 1893an eraiki zutela, Benito Olasagastiren eskutik, Jose Goikoaren diseinua jarraituz. Erviti musika denda historikoa 1875ean inauguratu zuten, Artzain Onaren katedralaren pareko arkupeetan, eta Art déco estiloaren elementu oinordekoak zituen barrualdean, 1930eko hamarkadaren amaierakoak edo 1940ko hamarkadaren hasierakoak. 2021etik, Askatasunaren hiribidean dago Erviti denda.