Euskal Trenbide Sareak oraindik ez ditu hasi Kontxa azpiko hondeaketa lanak
Gaur goizean Euskal Trenbide Sarearen (ETS) lanen udal batzorde ez iraunkorra egin dute. EH Bilduk hala eskatuta egin dute, nahiz eta araudiak dioen bi hilabetean behin egin behar dutela. Udal taldea hedabide honekin jarri da harremanetan batzordearen nondik norakoak azaltzeko.
Metroaren igarobidearen lanei dagokienez, ETSk oraindik ez ditu hondeaketa lanak hasi Kontxa azpian. Aurreko batzordea iazko abenduaren 9an egin zuten, eta Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariak ziurtatu zuen Kontxa azpiko hondeaketa lanei 2022ko urtarrilean ekingo zitzaiela. Ordea, ez da horrela gertatu. “Gaurko batzordean onartu dute lan horiekin oraindik ez direla hasi. Dena dela, Kontxa azpiko tunelean zegoen porlanezko tapoia kendu dutela azaldu dute. Behin hori bukatuta, hondeaketarekin hasiko dira”, azaldu du Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak.
Hondeaketa lanak laster hasiko dituzte, eta horiek “oso motel” egingo dituztela esan dute batzordean. “Lurzorua indartzen denbora pasa dute, eta aitortu dute lanak pixkanaka egingo dituztela lurzoru motarengatik”, dio Alkizak. Beste atzerapen bat pilatu arren, metroaren igarobidearen epeari eusten dio ETS. Hau da, 2025eko lehen sei hilabeterako prest egongo dela adierazi du batzordean.
Gainkostuak areagotuko direla adierazi du ETSk, hainbat arrazoirengatik. “Espero baino porlan gehiago erabili behar izan dute tunela irmotzeko, eta materialen prezioak nabarmen igo direla gogoratu dute”, azaldu du Alkizak.
Pitzadura berriak
Zenbat herritarrek salaketak aurkeztu dituzte ETSren bulegoan, euren etxebizitzetan pitzadurak azaldu direlako. Bizilagun kaltetu horiei gutuna bidali die ETSk, eta EH Bilduk jakin ahal izan duenez, gutun horretan kalte ordainak baldintza batekin emango dizkietela adierazi diete. Hau da, behin jasota ezingo dutela berriz ere kexa bat jarri. Gutun horren edukia aldatzeko eskatu dio udal taldeak ETSri.
Amara Berriko bizilagunak
Martxoaren 15ean sinadura bilketa bat abiatu zuen Amara Berriko auzo elkarteak Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatu dezatela eskatzeko. Horren inguruan ere galdetu dio EH Bilduk ETSri. “Beraiek ez dute lurperatuko, eta hori egiteko aukera udalak izango duela gaineratu dute”.