"Inertziagatik abesten dudala esango nuke, isilik ez egoteagatik"
![Antton_Valverde](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2022/04/antton_valverde.jpg)
Ibilbide luzeko musikaria da Antton Valverde donostiarra (Gros, 1943). Frankismo garaian hasi zen oholtzetara igotzen, 1970eko hamarkadan, haren hitzetan, Euskal Herriaren alde zerbait egin nahi zuelako. Artearen munduan oin bat sartuta izan du beti, ez soilik musikan egin duen ibilbidearengatik, baita bere familian beti egon den giro artistikoarengatik. Hain zuzen ere, Rosa Valverde margolaria (Donostia, 1953-Azkaine, Lapurdi, 2015) bere arreba zen, eta haren obraren zati bat dohaintzan eman berri diote San Telmo museoari.
Horren harira, elkarrizketa zabala egin dio IRUTXULOKO HITZAk, eta ostiralean irakurri ahal izango da osorik, astekarian eta webgune honetan. Ordura arte, hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Artearekin harreman handia izandakoa da zure familia, zure aitatik hasita.
Nire aita pintore ezaguna zen [Antonio Valverde], bai. Eta, bere bi arreba musikariak ziren. Bietako bat, gainera, nahiko ezaguna izan zen, Maria Josefa: Jesus Guridiren laguntzailea izan zen. Guridi Madrilgo Kontserbatorioko Organo arloko katedraduna zen, eta, hil zenean, berak hartu zuen haren postua.
Bestalde, gure belaunaldiak lotura izan du beti musikarekin eta pinturarekin. Gure aita saiatu zen pintura irakasten, baina nirekin eta nire anaia batekin porrot egin zuen [barrez]. Beste batzuekin, ordea, ez: Rosarekin ez zuen porrotik egin, noski, eta Javier anaia gazteenarekin ere ondo moldatu zen.
Aitak eragina izan zuen etxeko giro artistikoan?
Bai, betidanik. Aita pintorea zen, baina baita idazlea ere: artikulu ugari idatzi zituen, eta pare bat liburu ere bai. Bestalde, ez zuen musika jotzen, baina musika zale porrokatua zen.
1970eko hamarkadan, hasi zinenean, Franco oraindik bizirik zegoen. Nolakoa zen garai hartan euskal musika egitea?
Asko hitz egin izan dugu horri buruz, baina, hala ere, jende gazteak ez du ezagutzen zein zen giroa. Alde batetik, oso gogorra zen, baina, bestetik, gure lanak aitortza bat zuela sentitzen genuen. Jaialdi asko eta asko zeuden, agian asteburuero hogei jaialdi zeuden Euskal Herriko herrietan. Jende asko joaten zen ikustera, eta kantaldi guztiek esanahi politiko handi bat zuten, zalantzarik gabe.
Gero, gauzak aldatu egin ziren, eta orain galdetzen badidazu zergatik kantatzen dudan gaur egun, inertziagatik abesten dudala esango nizuke, isilik ez egoteagatik [barrez]. Garai hartako lan soziopolitikoa hor gelditu zen, eta orain artista lana gelditzen da. Horrekin gozatu egiten dut, eta horregatik jarraitzen dut.
Orain ez al da beharrezkoa lan politiko hori egitea?
Ez horrenbeste, behintzat. Baina bueno, berez, euskaraz kantatze hutsa politikoa da.