Jarduerak egingo dituzte Urgullen Aste Santuko oporretan
Aste Santuko opor garaian San Telmo Museoak, Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Liburutegi Sareak jarduerak antolatu dituzte Urgull mendiko hiru zentroetan: Liburutegian, Natur Txokoan eta Historiaren Etxean. Eskaintzak aisialdia, kultura eta ingurugiroa uztartzen ditu. Hiriko historia errepasatu, haur eta gaztetxoentzako tailerrak, jokoak, ipuin kontaketak eta helduentzako bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste.
Hirurak apirilaren 9tik 24ra egongo dira zabalik egunero, eta gune bakoitzak astean bitan haurrei eta familiei zuzendutako ekimen bereziak antolatu ditu. Larunbatetan izan ezik, egunero egongo da jardueraren bat, apirilaren 11tik aurrera. Haurrentzako jarduera guztiak euskaraz izango dira, eta publiko orokorrari zuzendutakoak euskaraz edo gaztelaniaz. Guztiak 17:00etan hasiko dira.
Liburutegia (Damen bateria) astelehenetik igandera zabalduko dute, 11:00-13:30 eta 16:30-18:30 bitartean. Natur Txokoa (Gobernadorearen Bateria) ere aste osoan zehar zabalduko dute, 16:30-18:30 bitartean. Eta Historiaren Etxea (Motako Gaztelua) apirilaren 9tik 24ra aste osoan zehar 10:00etatik 17:30etara zabalduko dute. Apirilaren 25etik ekainaren 30era arte, aldiz, asteazkenetik igandera egongo da irekita, 10:00etatik 17:30era.
Irakurri hemen egitarau osoa.