Korrikako lekukoa eskuz esku igaroko da hiriko auzoetan barrena
Hamar egunez Euskal Herria zeharkatzen aritu ostean, igandean iritsiko da Korrika Donostiara, 07:36 aldera. Azken kilometroetan hiriko elkarte eta eragile desberdinek eramango dute lekukoa, Korrikari merezi duen amaiera emateko bidean.
Errekaldeko biribilgunetik sartuko da Donostian. Puntu horretan garraiolarien Hiru sindikatuak hartuko du lekukoa. Hurrengo biribilguneraino jarraituko du Korrikak, eta Añorgako autobus geltokira iristen denean, Añorga Kirol eta Kultur Elkarteak eta Amassorrain ikastetxeak elkarrekin hartuko dute lekukoa. Añorga Txikiko biribilgunea baino lehen, Goiener kooperatibaren kilometroa hasiko da, eta Ibaeta aldera joango dira.
Tolosa hiribideko tunelean sartu baino lehen, Ibaetako Jai Batzordeak hartuko du lekukoa. Tolosa hiribidean zehar, EHUren txanda izango da. Hiribideko 121 zenbakian EHUk hartuko du eta ondoren Ingeniaritza Eskolak eta Informatika fakultateak elkarrekin eramango dute lekukoa. Jarraian, Psikologia fakultateko ikasle eta langileek hartuko dute, eta Kimika fakultateak ondoren. Hiribidea zeharkatu ostean, Antiguako Erregezaintza kalean (euskaltegia pasa eta ondoko parkean), Antiguotarrak Kontsumo Taldeak eta Txirain elkarteak elkarrekin eramango dute lekukoa. Jarraian, Matia kalean, Jakintza ikastolako gurasoek, Auskalo aisialdi taldeak eta Antiguotarrak elkarteak eramango dute, besteak beste. Gainera, Korrika Igeldotik pasako ez denez, Igeldo Herri Kontseiluaren txanda izango da Zumalakarregi hiribilduan autobus geltokia pasa eta tunela baino lehen (lorategian).
Erdialdera sartzen, Mirakontxako radarraren parean Batzar Nagusiek hartuko dute lekukoa, eta jarraian, Eusko Ikaskuntzak, Uraren Euskal Agentziak, San Martin auzoa elkarteak, Deustuko Unibertsitateak, Gipuzkoako Urak, Emakumeen Etxeak eta Etxepare Institutuak. Grosen, Kursaaleko zubiaren hasieran, Elkar argitaletxeak eramango du lekukoa, Zurriola pasealekuan Bertsozale Elkarteak, eta aurrera jarraituz, Zuhaizti eskolak, Marrumak, Zurriola ikastolak, Zubiri Manteo institutuak, Surf Indarrak, Bagerak eta Groseko Irrintzi euskaltegiak eramango dute, besteak beste. Gros zeharkatu ostean, Parte Zaharrera iritsiko da Korrika. Salamanka pasealekuan Kresala tabernaren eta Kai Harripe euskara batzordearen unea izango da, hurrenez hurren, eta Abuztuaren 31 kalean lekukoa Ikatz kaleko tabernarien, Herria elkartearen eta Kaiarriba arraun elkartearen eskuetatik igaro ostean, kaian sartu baino lehen, Portaletatik igaroko da.
Donostiako piratek 20 urte
Puntu horretan ere bi eragilek batera hartuko dute lekukoa: Jaiak Abant Kultur Elkarteak eta Donostiako Piratek. Gogoratu behar da Donostiako Piratek 20 urte beteko dituztela aurten, eta lekukoa hartuz urteurren hori ere gogoan izango dutela. 08:58ak aldera izango da hori. Bi eragile horiek Karmengo Jaiak elkarteari pasako diote lekukoa eta pixkanaka, Erdialderantz joango da Korrika.
Erdialdera iristean, Bretxan, Donostiako Idazleak elkarteak hartuko du lekukoa, eta 09:05ean, Donostiako Udalaren unea izango da Bulebarrean. Amararako bidea hartuko du jarraian Korrikak Ongi Etorri Errefuxiatuak-en eskutik. Amarara iristen denean, Amara Auzoa elkarteak, Donostialdea ESI-k, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak, Amara Berri guraso elkarteak, Morlanstarrak auzo elkarteak, Usandizaga-Peñaflorida institutuak, Ilunki kultur elkarteak eta Bultzada Txuri Urdinak hartuko dute. Anoetara iristen denean, Realak futbol zelaiko 13. atearen parean hartuko du lekukoa, 09:26ak aldera. Ohi bezala, aurten ere Real Sociedad Fundaziotik zale guztiei Korrikan parte hartzeko deia egin diete, Realarekin batera euskararen aldeko egitasmo honi bultzada eman eta une gogoangarri bat bizitzeko.
Porrontxo jaiek 40 urte
Amaratik Loiolara joango da, eta bertan Hontza elkarteak, Euskal Gorrak-ek eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak hartuko dute lekukoa, besteak beste. Martutenera iritsiko da jarraian. Han, Arantzazuko Ama ikastolak, Martu-jaiak elkarteak, auzoko euskara batzordeak eta Martu Taldea futbolzaleen elkarteak eramango dute lekukoa, beste batzuen artean. Martutenetik berriro Loiolara itzuliko da Korrika. Ondoren, Egiara iritsiko da, 10:29 inguruan. Auzo horretan, Urtxintxak hartuko du lekukoa eta Ametzagañara bidean, honakoak izango dira protagonistetako batzuk: Egia Haurgune aisialdi taldea, Ur-zaleak, Egia euskaraz, Trebeska dantza taldea, Ikastolara Ongi Etorri taldea eta SOS Arrazakeriak, Egia Bizirik auzo elkartea, Gordegia eta Egiako Mobida kultur elkartea. Ametzagañan Aitor Ikastolaren paretik pasa ostean, hilerriko atarian Egiako Porrontxo jaietako batzordeak hartuko du lekukoa. Aurten 40 urte betetzen dituzte Porrontxo jaiek eta Korrikan parte hartuz ospatuko dute urteurrena, besteak beste.
Aitzarte mendi taldeak eramango du lekukoa Intxaurrondora, eta bertan, hauek izango dira lekukoa hartuko duten eragileetako batzuk: Lauaizeta ikastola, Intxaurrondo ikastola, Dbuseko langileak, IZBE auzo elkartea eta EH 11 Kolore eta Migrazio eta Asilo zuzendaritza. Intxaurrondotik pasa ostean, Altzaruntz joango da Korrika, eta Makondoko biribilgunea Herri Ametsa protagonista izanik pasa ostean, 11:25ean Herrerako topo geltokian Herrera kirol elkarteak hartuko du lekukoa. Une horretan, 2020an zendu zen Luis Garin, Luisito, izango dute gogoan. Herrarako kirol elkarteko presidentea eta jai batzordeko kidea zen Luisito.
Altzatik Bidebietara joango da Korrika eta Cesar Benito futbol zelaiaren parean IRUTXULOKO HITZAk hartuko du lekukoa, 12:00ak inguruan. Ondoren Euskal Herri mailako eragileen unea izango da: IRUTXULOKO HITZAK Etxerat-i emango dio lekukoa eta jarraian, Gure Esku Dagok, UEUk, EHIGEk, Euskaltzaindiak, Ikastolen Elkarteak, alderdiek, UEMAk, Hekimenek eta Kontseiluak hartuko dute. Korrika amaitzeko, Erregina erregeordea kalean, Altxerri galeriaren parean, AEK-k hartuko du lekukoa eta Bulebarrean amaituko da Korrika. Bertan, hamar egunez lekuko barruan gordeta milaka kilometro egin dituen ezkutuko mezua irakurriko dute, eta Korrikako festa lehertuko da. Egun osorako egitarau zabala prestatu dute Korrikaren amaiera behar bezala ospatzeko.