"Non daude aste honetako jaialdian aldarrikatzen diren giza eskubideak?"
Hiritarron Harrera Sareak Eneko Goia alkateari zuzenduriko gutun bat plazaratu du. Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, Goiari La Sirena aterpetxearen inguruan galdegin zioten. Alkateak adierazi zuen baliabide hori “azken aukera” dela, eta beste baliabide batzuk dituela udalak etxerik gabeko pertsonentzat. Are gehiago, nabarmendu zuen Gaueko Aterpea zerbitzuak hamasei plaza bete gabe dituela.
Adierazpen horiekin eta emandako informazioarekin haserre agertu da Harrera Sarea: “Lehenik eta behin, informazio horren inguruko ñabardura bat egin beharko litzateke. Gaueko Aterpea zerbitzua erabili ahal izateko itxaron zerrenda oso luzea da. Kontsulta zenezake Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuan GLUZ, zeinak asteartero, balorazioak egin ostean, eskura dituen 22 plazak banatzen dituen. Zuk diozun modura aste honetan hamasei plazak bete gabe geratu badira, zergatik ez zaie abisatu itxaron zerrendan dauden pertsonei, kalean egin duen hotzarekin?”.
Horrekin batera, Harrera Sareak dio Gaueko Aterpea zerbitzua erabiltzeko “irizpide argiak” daudela. “Zaurgarritasun maila altuena dutenek eta hirian bizitzen denbora daramatenek dute sarbidea, batez ere. Beraz, zerbitzu honek ez du balio kalean bizi diren pertsona guztientzat”, nabarmendu dute. Aipaturiko irizpideekin bat egiten ez dutenentzako La Sirena aterpetxea dagoela gaineratu dute. “Asko kostatzen zaizue irekitzea herrialde batzuetako pertsonentzat, baina ez horrenbeste beste herrialde jakinetakoentzat”.
Abegi Etxeari ere erreferentzia egin dio Harrera Sareak: “Galdetu Gizarte Ekintza sailari ea plazak soberan dauden Abegi Etxean. Denbora darama beteta, eta premiazko beharra ez duten pertsonek, hiru gau pasa ditzakete han, hiru hilabetean behin”. Horrez gain, Goiari gomendatu diote Anoeta futbol estadioaren inguruetatik pasatzeko gauetan. “Galdetu han lo egiten duten gazteei ea nahiago duten zementu hotzaren gainean lo egitea edo leku bero eta goxo batean”.
Gutunaren bukaeran galdera zuzena helarazi diote erakundeei eta alkateari: “Non daude aste honetako jaialdian aldarrikatzen diren giza eskubideak?”