Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko egitasmoa bertan behera uztea erabaki dute
Hamazazpi idazlek abiatu zuten Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegiren izena jartzeko egitasmoa, 2013an, eta herritarren 1.500 sinadura biltzera heldu ziren.
Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren (Antigua, 1929-2012) izena ematearen aldeko egitasmoa desegitea erabaki dute, “horma handi batekin” egin dutelako topo. Hain zuzen ere, hedabide honi bidalitako gutun batean azaldu dutenez (Aitzpea Leizaolak, Beñat Sarasolak, Dani Goñik, Garbiñe Ubedak, Harkaitz Canok eta Kepa Sarasolak sinatutakoa), egitasmoko kideak Eneko Goia alkatearekin eta udal talde guztiekin biltzen aritu dira azken hilabeteotan (EAJrekin, EH Bildurekin, PSE-EErekin, Elkarrekin Donostiarekin eta PPrekin), eta, azaldu dutenez, soilik EH Bildu agertu da egitasmoa babesteko prest: “Gainerako taldeek uko egin diote, eta horretarako arrazoi funtsezkoa bat eta bakarra izan da: Txillardegiren soslai politikoa”. Egitasmoak, ordea, “kontsentsuzkoa” izateko helburua zuen: “Edo behinik behin, ahalik eta kontsentsu handiena lortzea. Eguneroko lehia politikotik kanpora kokatu nahi genuen”.
Izan ere, Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izan zen, frankismo garaian. Ordea, 1967an utzi zuen erakundea, gutunaren sinatzaileen hitzetan, “pertsonen biziaren kontrako atentatuak egiten hasi aurretik”. “Gerora ere borroka armatuarekiko kritikoa izan zen (besteak beste, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuenean). Txillardegi berak atentatu bortitz bat bizi izan zuen bertatik bertara HBko senataria zela: 1989an, Alcala Hotelean HBko diputatu eta senatariak bilduta zeudela, bi pistoladunek taldearen kontra tiro egin eta Josu Muguruza erail eta Iñaki Esnaola larriki zauritu zuten. Mahai baten pean bere burua babestu behar izan zuenetako bat izan zen Txillardegi”, gaineratu dute.
Gutunean azaldu dutenez, “talde politiko bakar batek ere ez du ukatu Txillardegik euskara eta literaturan arloetan egin zuen lanak aitortzarik merezi duenik”. Horregatik, nabarmendu dute “esperantza izpi batekin” gelditu direla: “Izan ditugun bileretan behin baino gehiagotan esan digute oraindik goizegi dela halako aitortza baterako. Sinetsi nahi dugu, bada, ekimena irekita geratzen dela etorkizunerako. Espero dugu, noizbait, Txillardegik eta Donostiako hiriak, biek ala biek, merezi duten aitortza jasotzea”. Gutuna hemen irakur dezakezue osorik.