Altzako udal kiroldegia hilaren 20an irekiko dute
Donostiako Udalak iragarritakoa baino bi hilabete lehenago irekiko du Altzako udal kiroldegi berria. Zehazki, apirilaren 20an zabalduko dute. Otsailaren erdialdean hasi ziren kiroldegia ekipatzen, obren fasea bukatuta. Hasiera batean, ekainean irekitzea aurreikusi zuten, baina udalak lehenago zabaltzea erabaki du.
Donostia Kirolak instalazio honen erabiltzaile izango diren hainbat kirol klubekin batera, doako jardueren programa zabala prestatu du kiroldegiaren irekiera dela eta, doako ikastaroekin, umeentzako uretako jolasekin, waterpolo tailerrekin, gimnasia erritmikoarekin, nordic walkingarekin eta Txernobilgo haurren aldeko erronka solidarioarekin, besteak beste.
Gimnasioa mantenduko dute
Kiroldegiko lanak amaitu bitartean, behin-behineko irtenbide gisa gimnasio bat egokitu zuten Altzan. Donostia Kirolak eta Judo Club San Sebastianek, Anoetako Arte Martzialen Zentroak dagoeneko kudeatzen duenak, akordioa lortu dute irekita mantentzeko. Horrela, NAO etxeko gimnasioa irekita egongo da eta Kirol Txarteleko abonatuek gimnasioa erabiltzen jarraitu ahal izango dute. Gainera, Judo Club San Sebastianek arte martzialekin lotutako jardueren eskaintza egingo du, Altzako kiroldegian egiten diren jardueren osagarri.
Gimnasio hau hilaren 13an itxiko dute egokitzapen batzuk egiteko, eta maiatzaren 2an irekiko da berriro. Ordutegia oraingoa baino murritzagoa izango da; astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara.