Antiguako haurrak ere euskararen alde
22. Korrika goizean goiz ibiliko da igandean Antiguako kaleetatik, baina haurrak aurreratu egin dira, eta auzoa Korrika giroan murgildu dute dagoeneko. Izan ere, Korrika Txikia egin dute ostiral goizean Antiguan, eta Jakintza Ikastolako, Larramendi ikastetxeko, Santo Tomas Lizeoko, Santa Teresa ikastetxeko, Ekintza Ikastolako, Ibai Ikastolako eta Igeldoko Ikastolako haurrek hartu dute parte.
Antiguako elizatik abiatu dira, eta Jakintzakoak izan dira lekukoa eramaten lehenak; ondoren, ikastetxe guztiek eraman dute, ibilbidean zehar. Elizatik abiatuta, Matia kalea zeharkatu dute Bentaberriraino, handik Zumalakarregi hiribidera ateratzeko. Zumalakarregitik ibili dira Gaskonia plazara arte, plaza zeharkatuta, elizaren atzealdeko plazan amaitzeko, AEK-ren euskaltegiaren parean. Bertan, hamaiketakoa egin dute, Larramendikoek lekukoaren barruko mezua irakurtzen zuten bitartean. Larramendiko ikasleek idatzi dute mezua; mezua baino gehiago, abestia, Furra furra kantaren egokitzapena egin baitute.
Bideoan jaso ditugu Antiguako Korrika Txikiko irudiak eta bukaerako kanta: