Elkarrekin Donostiak 36ko gerrako Uliako hobian esku-hartzea bizkortzeko eskatu dio udal gobernuari
Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak “onartezintzat” jo du Donostiako Udal Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren “pasibotasuna” 36ko gerrako Uliako hobiaren prospekzio eta berreskuratzearen aurrean. Alderdiak azaldu duenez, esku-hartze hori jasota zegoen 2015-2020 aldirako hobien planean, eta duela ia urtebete berriro onartu zen Eusko Legebiltzarrean.
Garaik gogorarazi duenez, 2021eko ekainean Eusko Legebiltzarrak Jon Hernandez Ezker Anitza-IUko legebiltzarkideak aurkeztutako legez babesteko proposamena onartu zuen Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean, Ulian dagoen hobi komunaren prospekzioa, ikerketa eta berreskurapena egiteko. 36ko gerran Donostian desagertutako pertsonak bilatzeko helburua du egitasmo horrek, 2015-2020 aldirako hobien planaren aurreikuspenak betez. “Harrigarria da hilabete lehenago, maiatzeko udalbatzarrean, Donostiako Udalean Gobernua osatzen duten alderdi berberek Uliako hobiaren prospekzio proposamen hori errefusatzea”, esan du Garaik.