"Guk nahi dugun bakarra aske izatea da"
Ijito Herriaren nazioarteko eguna da gaur, eta IRUTXULOKO HITZAk Isabel Jimenez elkarrizketatu du, Kamelamos Adiquerar ijito elkarteko kidea.
Ijitoen Nazioarteko Eguna da gaur. Zein mezu bidali nahi duzue egun berezi honetan?
Ijito guztiei indarra izan dezatela eskatuko nieke. Egun hau ahalik eta ondoen pasatzea opa diet, guretzat oso polita baita. Ijitook pasa dugun guztia gogoratuko dugu gaur eta beraz, indarra izateko eskatzen diet komunitateko pertsona guztiei.
Gaur egun aurreiritzi asko al dago ijitoekiko?
Bai, oraindik bide luzea dugu egiteko. Adibidez, edozein supermerkatutara joaten garenean jendeak goitik behera begiratzen gaitu, gurekiko aurreiritziak plazaratzen ditu, eta ez dugu jakiten zer egin horrelakoetan. Geldirik geratzen gara, guk geuk dugun beldurragatik.
Zer esanahi du zuentzat gaurko egunak?
Oso garrantzitsua da, askatasuna nahi dugula aldarrikatzen dugulako. Guk nahi dugun bakarra aske izatea da.
Eta nola ospatzen duzue?
Komunitateko pertsona helduekin ospatzen dugu, guretzat dugun garrantzitsuena baitira. Eta familiarekin ere bai, noski. Elkarrekin egon ahal izatea ospatzen dugu, batez ere.