Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatu dute Donostian
51 urte bete dira gaur Ijitoen Nazioarteko Eguna izendatu zutenetik, eta Kamelamos Adiquerar, Romi Bidean, Fundación Secretariado Gitano eta Agifui ijito elkarteetako ordezkariak udaletxean batu dira, urteurrena ospatzeko. 20 lagun inguru elkartu dira Udalbatzar aretoan, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea eta hainbat zinegotzi ere.
Isabel Jimenez, Kamelamos Adiquerar elkarteko 21 urteko donostiarra, arduratu da ijitoen elkarteek egindako komunikatua irakurtzeaz. Duela 51 egin zuten Londresen mundu mailako lehen kongresu erromanista. Kongresu horretan, bandera eta ereserki bat aukeratu zituzten Ijito Herriarentzat, eta hortik gutxira Ijitoen Nazioarteko Eguna izendatu zuten. “Gaur, 2022ko apirilaren 8an, 51 urte bete dira egun hartatik. Ospakizun honen harira, ijitoen elkarteok Ijito Herriaren papera ezagutarazi nahi dugu, jendeak gure komunitatearen aurkako aurreiritziak alde batera utz ditzan behingoz”, azpimarratu du Jimenezek.
Oraindik ijitoen aurkako “diskriminazioa” existitzen dela azpimarratu dute, eta Ijito Herriak gizartean merezi duen lekua hartzea nahi dute. “Guztiok eskubide berdinak izatea nahi dugu, lana aurkitzeko, osasun arreta jasotzeko, etxebizitza duina izateko eta gizartean aktiboki parte hartzeko”, esan du Jimenezek.
Adierazpenak egin ostean, Pablo Vega zuzendariaren Proud Roma film laburra ikusteko aukera izan dute bertan. Proud Roma 1940an Charlie Chaplinek sortu eta protagonizatu zuen filmean inspiratuta dago. Askok ez badakite ere, Chaplin ijito jatorrikoa zen. Filmak ijitoei buruzko narratiba historiko nagusiak eta estereotipo negatiboak desafiatzen ditu, eta ijitoek mendeetan zehar Europari egin dizkioten ekarpen kultural eta historiko ugariak gogorarazten ditu.
Ekitaldia amaitzeko, Djelem Djelem Ijito Herriaren ereserkia entzun da Udalbatzar aretoan.