Korrikaren amaiera Donostian, 42 urtean bost aldiz
22. Korrika Bulebarrean amaituko da, egun osoko festarekin. Ordea, ez da Korrika Donostian amaituko den lehenengo aldia izango, bosgarrena baizik. 1982an, 1989an, 1999an eta 2011n ere hemen amaitu zen.
Korrika zure herritik pasatzea beti da berezia, baina are bereziagoa da zure herrian amaitzen bada, noski. Donostiarrek lau aldiz izan dute Korrikaren amaiera hirian bizitzeko aukera, eta etzi bosgarrena izango dute, Bulebarrean amaituko baita 22. Korrika.
Estreinakoz, aldiz, duela 40 urte amaitu zen Korrika Donostian, 1982an. 2. Korrika zen —1. Korrika 1980an egin zuten—, eta maiatzaren 30ean heldu zen hirira. Iruñeatik (Nafarroa) abiatu zen zortzi egun lehenago, maiatzaren 22an, eta 1.822 kilometro egin zituen, AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde lelopean. Bestalde, Akelarre taldeak egin zuen abestia.
Ez zen Korrika batere erraza izan, zenbait arrazoirengatik. Alde batetik, Nafarroako garaiko Gobernadore Zibil Francisco Javier Ansuategik, hasieran, debekatu egin zion Korrikari herrialdea zeharkatzea; azkenean, ordea, amore eman behar izan zuen. Bestetik, urte hartan, EAJren zuzendaritzak eskatu zuen Korrika diruz ez laguntzeko.
Garai hartan, AEK-k EAJrekin zuen harremana ez zen bereziki ona. Besteak beste, 1. Korrikan lekukoaren barruko mezuarekin gertatutakoarengatik. Rikardo Arregi idazleak idatzi zuen 1. Korrikako mezua: Euskaltzaindiari idatzitako gutun bat zen. Ordea, Korrika helmugara iritsi zenean, ohartu ziren lekukoaren barruko mezua falta zela, eta, beraz, ezin izan zuten irakurri. Mezua irakurri ez izanak eta AEK-k amaieran eskainitako diskurtsoaren edukiek okertu egin zuten AEK-k Euskaltzaindiarekin eta EAJrekin zuen harremana, euskal preso eta iheslariak izan baitzituzten gogoan, besteak beste. Gainera, 2. Korrikaren atarian, Deia egunkariak AEK-ren aurkako zenbait artikulu argitaratu zituen; horietako batean, esaterako, AEK ‘KASen fronte kulturala’ zela nabarmendu zuen.
Akatsa zuzendu nahian, 2. Korrikan Arregi omendu zuten, eta, orduan bai, aurreko urtean irakurri gabe gelditu zen mezua irakurri zuten, Bulebarrean bildutako jendetzaren aurrean. Eusko Gudariak abesten amaitu zuten ekitaldia. Ondoren, egun osoan txarangak ibili ziren Parte Zaharretik, bertso saioak izan ziren eta herri bazkaria Trinitate plazan, besteak beste.
Bitxikeria atsegin batzuk ere gertatu ziren 2. Korrika hartan Donostian. Korrika amaitu eta hurrengo egunean Hoja del lunes hedabideak argitaratutako kronikaren arabera, Korrikak Mirakruz gainaren inguruan egin zituen lehenengo metroak —lau orduko atzerapenarekin sartu zen hirian—, eta 4 urteko haur batek eraman zuen lekukoa zati horretan. Bestalde, Lopez Ufarte, Kortabarria eta Gajate Realeko jokalariak lekukoa hartzekoak ziren, baina atzerapen handiarekin iritsi zenez Korrika, azkenean ez zuten hartzerik izan, Miranda de Ebrora joan behar zutelako, partida bat jokatzera.
XX. mendean, beste bi aldiz
2. Korrika hartatik zazpi urtera, 1989an, Donostian amaitu zen bigarrenez Korrika. 6. Korrika zen, eta 1982koan gertatu zen moduan, Iruñeatik Donostiara joan zen (apirilaren 14tik 23ra, 2.010 kilometro). Euskara, Korrika eta kitto y Euskal Herriak AEK izan zen leloa, eta Xanti eta Maider izan ziren abestiaren egileak. Aita Joxe Miel Barandiaranek 100 urte bete zituen 1989an, eta bera izan zen 6. Korrikaren omendua.
Urte hartan ere, oztopo esanguratsuak izan zituen Korrikak, egitasmoari diru laguntzak ematearen aurka agertu baitziren publikoki EAJ eta Euskadiko Ezkerra. Horrela ere, Korrikak Euskal Herria zeharkatu zuen, eta, bitxikeria gisa, Mikel Laboa musikari donostiarrak eraman zuen lekukoa azken zatian, Donostiako Askatasunaren hiribidean.
Handik hamar urtera, 1999an, hirugarrenez amaitu zen Korrika Donostian: oraingoan ere, Iruñeatik Donostiara joan zen, martxoaren 19tik 28ra, 1+1= hamaika. Zu eta ni euskaraz lelopean. Estreinakoz, Eusko Jaurlaritzak modu ofizialean hartu zuen parte, 1997an bideratu baitzituzten harremanak AEK-k eta Jaurlaritzak. 11 omendu izan zituen 11. Korrika zen, eta 11 omendu izan ziren: Pedro Miguel Etxenike, Joxe Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaileak, Argiñe Iturregi, Euskalerria irratia, Arantza udalerria eta Maiatz editoriala.
Donostian amaitzeagatik ez ezik, beste zerbaitengatik ere hirira lotuta egon zen 11. Korrika: hain zuzen ere, Ramon Labaien hiriko alkate izandakoak idatzi zuelako lekukoaren barruko mezua; gainera, berak egin zituen Korrikaren azken metroak.
Azkenekoz, 2011n
Donostiarrek beste hamabi urte itxoin behar izan zituzten Korrika hirian amaitzen ikusteko, baina, azkenean, unea iritsi zen. 17. Korrikan izan zen, eta Trebiñutik (Araba) apirilaren 7an irten ostean, 17an heldu zen Donostiara, 2.507 kilometro eginda. Maitatu, ikasi, ari… euskalakari izan zen leloa, eta Gose taldeak egin zuen abestia. Euskaltzaindia izan zen omendua, eta Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano aurkezleek irakurri zuten amaierako mezua, Bulebarrean.
Ondoren, oraindik donostiar ugarik gogoan izango duten egun osoko festa egin zuten, aurten egingo duten moduan, hainbat gunetan banatuta. Besteak beste, Ze Esatek!, Esne Beltza eta Gose taldeek jo zuten Trinitate plazan, eta giro ederra izan zen hiri guztian.
Igandekoa hobea izango al da? Aprobetxatu beharko da, Donostiak agian beste hamar urte inguru itxaron beharko baititu Korrikaren helmuga izateko.