Emakumeen Etxea ere batu da Korrikara
Emakumeen Etxeko 20 kide inguru elkartu dira gaur, 08:00-ak inguruan, Korrikarako prest. Atzerapenarekin iritsi da Korrika beraien kilometrora, Askatasunaren Ibilbidera, eta Etxaide kaleko bidegurutzean egon dira zain. Bitartean, mugikorretan Korrika zuzenean jarraitzen aritu dira beraien puntura iristeko zenbat falta zen jakiteko, eta barre eta algara artean, entrenamendu txiki bat ere egin dute berotzen joateko. Argazkiak ere ez dira falta izan, eta kolore morea izan da nagusi haietan. Azkenean, Korrika 9:00ak aldera iritsi da eta Emakumeen Etxeko June Gonzalezek eta Silvana Ostizak hartu dute lekukoa. Gogotsu ekin diote bideari denek, eta hala jarraitu dute ibilbide osoan zehar. Emakumeen Etxeak ere euskararen aldeko apustua egiten duela erakutsi dute gaurkoan.