Festa giroa nagusi Donostiako Parte Zaharrean
Korrika amaitu da, baina giroa bikaina izaten ari da egun osoan zehar Donostian. Parte Zaharreko kaleetan ez dira falta, txarangak, dultzaineroak, kantujirak eta bestelako kontzertuak. Bulebarrean janari eta edari postuak jarri dituzte, eta baita Korrikako materiala saltzeko karpatxoak ere. Milaka haur, gazte eta heldu gerturatu dira Euskal Herri osotik Donostiara, eta eguraldia lagun dutelarik, primeran ospatzen ari dira guztiak elkarrekin 22. Korrikaren amaiera.
Egitarauak ere ematen du horretarako beta, aukera zabala baitago. 13:30ean Egunean Behin partida bat egin dute Bulebarrean, eta 16:00etan kontzertuak hasi dira Alerta Morea eta Kilimak taldeekin. Alderdi Ederren, 17:00etan, aurtengo Korrikak omendu dituen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute. Kontzertuak ere ez dira falta izan. Arratsaldean, Kaian, Olatz Salvadorren kontzertua, eta, jarraian, Trikidantz taldearen erromeria izan dira protagonista. Gainera, Zuloaga plazan, Lamiak, Mugan eta ETS taldeek arratsaldea girotu dute.