Karmele Jaiok idatzi du Korrikaren mezua: "Lasterketa honetan denok gara euskaldun berri"
Amaitu da 22. Korrika, eta, ohikoa denez, eskuz esku ibili den mezua irakurri dute, ikusmira handiarekin. Aurten Karmele Jaio idazlea arduratu da idatzi eta jendaurrean irakurtzeaz. Milaka lagun bildu dira hiri osoan zehar eta baita Bulebarrean ere, euskararen alde.
Jaioren hitzetan: “Hizkuntza bat ez da hitzekin bakarrik egiten, hitzekin eta gorputzekin ere bai”. “Dena erosi eta saldu daiteken garaian debalde hartzen dugu herriaren ahotik, eta debalde ematen diogu herriaren belarriari”.
“Gerren sasoian, lehenetsi dezagun hizkuntza. Etiketen garaian ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berriz eta zaharrak: lasterketa honetan denok gara euskaldun berri. Hizkuntza bat ez delako jaiotzen, egin, egitean delako. Euskara ez da daukagun zerbati, garen zerbait, baizik.”
Ivan Aizpurua eta Nere Aranburu aktoreak izan dira Korrikaren bukaerako ekitaldiaren aurkezleak.
Doakotasuna aldarri
Aurtengo Korrikaren berezitasunetako bat izan da euskaltegiek modu bateratuan doakotasuna aldarri egin duten adierazpena. Korrikaren 1.062 kilometroan, AEK-k Donibane Garaziko Adierazpena aurkeztu zuen bertako gau-eskolan, helduen euskalduntzearen eremuan diharduten BATUZ Euskaltegi Elkartea, Juan Mateo Zabala, Gabriel Aresti, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitaonaindia, HEGOALDE, Bilbo Zaharra eta Maizpide euskaltegiekin batera adostutako aldarria.
Adierazpenean azpimarratu nahi izan zutenez, “garaia heldu da hizkuntza eskubideak bermatzeko eta arlo horretan jauzi esanguratsu bat emateko. Garaia heldu da hizkuntzapolitiketan aldaketak egiteko, eta, jakina, erritmoak erritmo, Euskal Herri osoan eta norabide berean. Garaia heldu dela euskararen normalizazio-prozesua azkartzeko eta, bide horretan, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarrikatzen dute, Euskal Herriko herritar guztiontzat eta doakoa”.
Milaka lagun Donostian
7:30etan zen iristekoa Errekaldera Korrika, baina atzerapenez heldu da Hernanitik. 8:00ak pasata iritsi da, eta orduerdiko atzerapen hori irabazi behar izan dute euskaltzaleek, garaiz bukatu da eta.
Añorgatik, Ibaeta eta Antiguara pasa da, eta jarraian Parte Zaharra, Gros, Amara, Amara Berri, Loiolako Erriberak, Martutene, Egia, Intaurrondo, Bidebieta, Altza, Bidebieta eta Mirakruzetik sartu da, 12:45etan ekitaldi nagusiraino.
Festak jarraituko du
Egun osoko egitaraua antolatu du AEK-k Donostiako eragileekin batera. Bost gune izango dira, eta bertan, kontzertuak, dantza emanaldiak, bazkaria eta beste egongo da. Arratsaldean izango da Pirrix, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna. Berezia izango da, aurten haiek direlako omenduak.