Txillardegiren senideek hartu dute euskararen lekukoa Bulebarrean
Donostiako Idazleak izeneko taldeak 22. Korrikaren lekukoa hartu du Parte Zaharrean. Txillardegi oroitu dute, haren irudia zeramaten kamisetak jantzi dituzte eta. Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzeko eskatzen duen batzordeko kideak joan dira une horretan Korrikaren buruan, eta Aitzpea Leizaolak eta Joxe Austin Arrietak hartu dute hasieran lekukoa, eta ondoren Txillardegiren senideei pasa diote. Jone Forcadak, Maddi Alvarezek eta Mauriñe Eizmendik eraman dute lekukoa azken zatian. Euren kilometroaren ondoren, Donostiako Udalak hartu du lekukoa.
Aste honetan bertan iragarri dute Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko egitasmoa bertan behera uztea erabaki dutela, «horma handi batekin topo» egin dutelako. Hamazazpi idazlek abiatu zuten Udal Liburutegi Nagusiari Txillardegiren izena jartzeko egitasmoa, 2013an, eta herritarren 1.500 sinadura biltzera heldu ziren. Donostiako Liburutegi nagusiari idazlearen izena jartzeko eskatu nahi zuen taldeak. Alderdi eta erakundeekin hitz egin dute, baina emaitza «etsigarria» izan dela esan dute.