Asier Amondo: "Guztiok hunkitu gintuen atzo Donostian ikusi genuenak"
22. Korrikak merezi zuen amaiera izan zuen atzo, eta gaur azken hamar egunetako euskararen olatuaren balorazioa egiteko eguna da. Asier Amondok, Korrikaren arduradunak, eta Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusiak, Korrikak “berebiziko indarra” agertu duela adierazi dute Bulebarrean egin dituzten adierazpenetan. “Amurriotik Donostiara heldu ginen atzo, eta Korrika hau epikoa izan da. Zoragarria izan da, eta maila bat gora egin dugu. Guztiok hunkitu gintuen atzo Donostian ikusi genuenak, eta eskerrak ematea baino ez dagokigu egun honetan”, azpimarratu du Amondok.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bazuten susmoa aurtengoa Korrika “handia” izango zela, baina atzoko bukaerak neurri batean “aurreikuspenak gainditu zituen”. “Jende asko ibili zen kilometro guztietan eta gero, zer esan, hemen amaiera festa itzela izan zen, azken kilometroak bezalaxe. Pentsatzen dugu Euskal Herria atzean egon dela Korrika honetan, eta eskerrak eman nahi dizkiogu Donostiara hurbildu zen jende guztiari eta Euskal Herrian zehar kilometroetan ibili diren guztiei”, adierazi du Amondok.
Donostiako amaieraz gain, Korrikaren balorazio orokorra ere oso positiboa izan da. “Urtebete beranduago etorri da Korrika, baina ikusi dugu jendeak Korrikarako gogo bizia zuela eta prestakuntzan ibili garen hilabete hauetan ere Korrikak gora egingo zuela igarri dugu”, esan dute. Euskara sustatzea eta euskaltegientzat dirua lortzea dira Korrikaren helburu nagusiak, eta “zoritxarrez” hurrengo Korriketan ere helburu ekonomiko horri eutsi beharko diotela adierazi dute. “Baina ondo bidean, hitzekin ekintzak eta ekimenak burutuz, denon artean aurrera egingo dugula pentsatzen dugu”, esan du Amondok. Horrekin batera, bihar hasiko direla 23. Korrika prestatzen jakinarazi dute, eta 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dela aurreikusten dute.
Iribarrenek, bere aldetik, gogorarazi du Korrikatik haratago, AEKren eguneroko lanek jarraitzen dutela. “Korrikaren amaieraren biharamunean, lehenik eta behin, AEKtik herritarrei mezu bat luzatu nahi diegu: euskaltegiak zabal-zabalik dituzue, euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko edo gehiago erabiltzeko. Mezu berezia helarazi nahi diegu euskara ulertu ez, eta Korrikan parte hartu edo miresmenez segitzen duten guztiei ere: eskerrik asko zuen babesagatik, eta euskaltegietara joatera animatzen zaituztegu. Baita euskara erabiltzen jarraitzera edo hastera ere”, adierazi du Iribarrenek.
Amaitzeko, herritarrei ez ezik, AEK-k Administrazio Nagusiei eskaera zuzena luzatu nahi izan die. “Korrikaren ingurumarian, abian jarri da doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duen dinamika ere (Hitzekin. Denok euskara doan). Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela”, esan du AEKren koordinatzaile nagusiak. Zentzu horretan, administrazioen aldetik “erabaki ausartagoak” hartzea proposatu dute. “Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere”, nabarmendu du.