Doako jardueren egitarau zabala prestatu dute Altzako kiroldegiaren irekiera dela eta
Altzako udal kiroldegi berriaren irekierak doako jardueren programa zabala ekarriko du apirilaren 20an, Donostia Kirolak eta inguruko kirol taldeek antolatuta. Apirilaren 20tik 29ra, besteak beste, GAP, latinzumba, taichi, pilates, hipopresiboak, mantentze-gimnasia edo indoor zikloa eskainiko dituzte, besteak beste. Gainera, maiatzaren 2ra arte, Kirol Txartelaren abonatuak ez diren pertsonek instalazioa doan erabili ahal izango dute, eta horretarako 100 sarrera erreserbatuko dira egunero.
Waterpolo Donostia klubak eta Donostia gimnasia erritmiko taldeak (instalazio horien erabiltzaile izango diren bi klubek) haurrentzako hastapen tailerrak eta waterpolo edo gimnasia erakustaldiak antolatu dituzte egun horietan.
Gainera, apirilaren 21etik 23ra erronka solidario bat garatuko da Txernobilgo haurrei premiazko laguntza humanitarioa emateko dirua biltzeko. Erronka hori Altza eta Txernobilen artean dauden 6.344km-ko distantzia (joan-etorria) ziklo indoorreko gimnasioko bizikletetan pedalei eraginez osatu nahi dute. Jarduera horretarako Txernobil Elkartearen laguntza izango dute.
Apirilaren 23an, larunbata, Altzako Kirolaren Eguna ospatuko da, jarduera ugarirekin. Goizean, erronka solidarioarekin jarraitzeaz gain, Zumbatoi herrikoia egingo da (plazan, eguraldi ona egingo balu), umeentzako uretako jolasak izango dira eta Herri Kirolak-en desafio bat inguruko ikastetxeetako bigarren hezkuntzako gazteen artean. Nordic Walking hastapen-tailerrak ere egingo dira Nordic Walking Donostia Urban elkartearen eskutik. Azkenik, waterpolo eta gimnasia erritmikoko erakustaldiak egongo dira eta kirol anitzeko pistak izango dira Easo saskibaloiko Mini Kopako agertokia.
Igandean, igeriketa sinkronizatuko erakustaldia izango da CN Easorekin.
Jarduera guztietarako aldez aurretik izena eman beharko da www.donostiakirola.eus webgunearen bidez edo udal kiroldegian.