2023ko urtarrilaren amaieran zabalduko dute Bretxako merkatu berria
Bretxako Arrandegi eraikina obretan. (Argazkia: Sara Ibarguren) Udalak jakinarazi duenez, datorren urteko urtarrilaren bukaeran irekiko dute Bretxako merkatu berria Arrandegi eraikinean. Tokiko Gobernu Batzordeak Donostiako Udalaren eta Baika Mercados SL emakidadunaren arteko Bretxako Merkatuaren emakida kontratuaren aldaketa onartu du, eta emakida epea zazpi hilabetez luzatuko da. “Kontratua 2048ko urrira arte zen lehen, baina aldaketa honekin 2049ko martxoaren 3an amaituko da”, zehaztu du Eneko Goia alkateak.
Emakidadunak Arrandegi eraikinean egin beharreko obrak zabaldu egingo dira, obra horiei Osasun Zentrorako eta kirol instalazioetarako espazioak gaitzeko lanak gehituz. Osasun Zentroaren proiektua oraindik onartzear dagoela zehaztu du Goiak, baina hilabete honetan edo maiatzean onartuko dutela argitu du. “Behin onartu eta gero, hamalau hilabeteko epea aurreikusten dugu zerbitzu hori zabaltzeko. Eta kirol instalazioa ere antzera dabilela uste dut. Dena ondo joango balitz, datorren urtean zehar pieza desberdinak nola martxan jartzen diren ikusiko genuke”, adierazi du.
Era berean, udalak jakinarazi du baietsi egiten dela ordainsari profesionalak ordaintzeko emakidadunak egindako eskaera, oinarrizko proiektuak aldatzeagatik eta egitura gauzatzeagatik. 143.286 bideratuko dituzte horretarako.
Baika Mercados SLren alde 5.011.018 euroko guztizko gastua baimendu eta xedatu da, emakida kontratuaren aldaketatik eratorritako zehaztapen kontzeptuan eta onartutako proiektuen aldaketa idazteko kostuen kontzeptuan. Horrela banatzen da gastu hori: Osasun Zentroa gaitzeko obra gauzatzea (3.383.346 euro), proiektuak idazteko, obrak zuzentzeko eta horiei lotutako beste gastu batzuetarako ordainsariak (731.293 euro), hotza eta beroa sortzeko instalazio komunak (394.604 euro), markesina berriaren alternatiben azterketa (55.744 euro), proiektuaren integrazioa kudeatzeko gastuak (302.742 euro) eta onartutako proiektua aldatzea (143.286 euro).


