Amara Berri ikastetxeko Loiolako eraikineko estalkia eta patioa konponduko ditu udalak
Tokiko Gobernu Batzordeak hiriko ikastetxeekin zerikusia duten hainbat gai onartu ditu gaur. Alde batetik, Amara Berri ikastetxeko Loiolako eraikineko estalkia konpontzeko eta patioa berrantolatzeko proiektuaren lehenengo faseko obrak kontratatzeko espedientea onartu dute. 428.568 euroko aurrekontua izango du, eta hiru hilabeteko egikaritze epea.
Halaber, 17 udal eraikinetan fluoreszentzia ordezteko eta LED argiztapena instalatzeko obrak gauzatzeko kontratua esleitzea onartu da. Hurrengo enpresek egingo dituzte lan horiek: Servicios Integrales de Gestión y Mantenimiento SA, Asistencia energetica electrica SL eta Loyola Norte SA.
Horrez gain, Gobernu Batzordeak onartu du Aragonesa de Carpas SL enpresari esleitzea irakaskuntza eraikinetan (Aitor Konkorrenea LHI – Zuhaizti Aldakonea LHI) karpak erosteko eta instalatzeko kontratua. 97.901 euroko aurrekontua izango du, eta hiru asteko egikaritze epea.
Eta azkenik, Zuhaizti Aldakonea ikastetxean dagoen gas naturalarekiko paraleloan beroa ekoizteko biomasa instalazio bat egiteko proiektua onartu dute, sei hilabeteko egikaritze epearekin eta 266.630 euroko lizitazio aurrekontuarekin. Horrela, CO2 isuriak aurreztea aurreikusten da: 41.088kg CO2 urteko.