Donostiako Piratek 20. urtemuga ospatuko dute aurten
Iragarri dute abuztuaren 13tik 21era egingo dutela Aste Nagusi Pirata.

Azken bi urtean, pandemiak eragindako osasun larrialdi egoera dela dela, ohiko Aste Nagusi Pirata bertan behera utzi behar izan dute, eta festen “alternatiba bat” antolatu behar izan dute. 2020an Pirata setioa egin zuten, eta, iaz Kabotajea. Aurten, ordea, festa berreskuratu eta piraten mugimenduaren 20. urtemuga ospatzeko prest daudela iragarri dute.
Sare sozialen bidez zabaldu dute Aste Nagusi Pirata abuztuaren 13tik 21 era egingo dutela, eta berezia izango dela: “Hogei urte igaro dira behe-lainozko egun batez itsasora jauzi egin genuenetik. Mastan mila koloredun bandera jarrita, zutik, gizarte eredu berri baten itsasoetara murgildu ginenetik”, adierazi dute ohar baten bidez.
Igandean, Korrikaren egunean, 20. urtemugari eskainitako erakusketa bat egin zuten kaian. Euren ibilbideko hainbat argazki erakutsi zituzten panel batzuetan.
Hasi zirenetik, urtez urte, jai herrikoi eta parte-hartzaileen eredua landu eta indartu dute. 2003ko udan auzo batzuetako gazte asanblada eta jai batzordeak, Parte Zaharreko tabernari batzuk eta zenbait herritar elkartu ziren kaian. Orduan erabaki zuten lehen abordatzea antolatzea. Urte hartako abuztuaren 11n hogei bat ontzik eta berrogeita hamar bat lagun ausartek Donostia abordatu zuten aurreneko aldiz. Kaitik atera eta Kontxako hondartzaraino joan ziren. Udaltzainak zain zituzten lehorrean, baimenik gabe egin zutelako abordatzea. Protesta gisa, ontziak udaletxeko atarian utzi zituzten. Lehen abordatzea baino urtebete lehenago, Parte Zaharreko hainbat tabernarik eta zenbait auzotarrek koadrilen arteko jolasak antolatu zituzten Ikatz kalean. Iraganeko jaien izaera parte hartzailea berpizteko asmoz egin zuten. Donostiako Piraten aurrekaria izan zen.
Donostiako Piraten oharra osorik:
Hogei urte igaro dira behe-lainozko egun batez itsasora jauzi egin genuenetik. Mastan mila koloredun bandera jarrita, zutik, gizarte eredu berri baten itsasoetara murgildu ginenetik. Mastan mila koloredun bandera jarrita, zutik, gizarte eredu berri baten itsasoetara murgildu ginenetik.
Iraultzea sorztea da; eta sortzea irautea. Enbatek eta arrokek jarraitu arren gertutik, bi hamarkada oso aritu gara festa, dantza eta goza, oztopo adina ezpata, arrotza zaigun Dono$tia abordatuz eta bizigarriagoa zaigun hiri baten alde gure ekarpena eginaz.
Badira oraindik mila motibo kantatzeko alai; belak zabalduta eta auzolanari tiraka, bagerala nor eta badugula zer aldarrikatzeko. Korrikaren eskutik jaso genuen atzo festaren lekukoa, eta gure txanda da orain: Badator Aste Nagusi Pirata!
Abuzturen 13tik 21era, Kaian ikusiko dugu elkar: zabaldu belak eta batu ospakizunera, zatoz gurekin txalupa euskaldun eta parekide honetara. Izan gaitezen bihurri, izan gaitezen pirata, partxe bat begian jarriz… XX. urteurrenari kanta!