Fiskalak Cabezudori leporatu dio auzibide osoan «gezurra» besterik ez esatea
Azken txanpan sartu da Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako epaiketa. Amaierako ondorioak aurkeztu zituen atzo fiskalak. Jorge Bermudez fiskalak argazkilariaren aurkako frogak «sendoak» direla azaldu du.
Esan du sententziak «gutxienean» bere eskariak aintzatetsi behar dituela, eta harago jo beharko litzatekeela, «kontserbadorea» izan baita. Gaur akusazio partikularraren txanda izan da, eta bihar defentsarena izango da. Akusatuak, Kote Cabezudok, hitza hartzeko aukera izango du biharko saioan, eta horrekin amaituko da epaiketa.
Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako salaketa jarri duten modeloen ordezkari Mario Diez abokatuaren txanda izan da gaur. Fiskalak berak atzo aurkeztu zituen bere ondorioak, eta akusatuak egindako delituak gordin aurkeztu zituen: Cabezudok modeloak bere «uztarripean» zituela esan zuen. 250 urte inguruko zigorra eskatzekoa da fiskala, baina esan zuen akusazio partikularraren eskabidera hurbiltzea ere ondo ikusiko lukeela, «kontserbadore» jokatu duela onartuta. 2.000 urtetik gorako zigorra eskatzen du akusazio partikularrak. Diezek ere gordin aurkeztu ditu gaur argazkilariaren delituak. Guztien atzean «patroi» bera ikusten dela esan du; «iruzur» eginda erakartzen zituen modelo gazteak, eta nahieran erabiltzen zituen gero.
Fiskalak «250 urte inguruko» zigor eskaria egingo duela esan zuen orain dela bi aste, eta atzo berretsi zuen espero duela «gutxienean» berak egindako eskea jasotzea sententzian. Azaldu zuen, hala ere, «kontserbadorea» izan dela, eta ez lukeela gaizki ikusiko akusazio partikularraren eskeak aintzat hartzea ere. Akusatuari leporatu zion «gezurra» besterik ez esatea auzibide osoan, eta haren kontrako frogak sendoak direla ere esan zuen. Modeloak, egiten zizkien argazkiak bitarteko, horien erabilera zitalaren «uztarripean» zituela uste du. Hamazazpi emakumek jarritako salaketak aztertu dituzte epaiketan.
Berria egunkariko Arantxa Iraola kazetaria ari da Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren jarraipena egiten. Irakurri albiste osoa Berria-ren webgunean.