Iturriko ura dohainik eskaini beharko dute tabernetan eta jatetxeetan
Larunbatean argitaratu zuen Espainiako Gobernuak Ekonomia Zirkularrerako Estrategia eta Hondakinen Legea, eta indarrean sartu da jada, erabilera bakarreko plastikoak gutxiago erabiltzeko helburuarekin. Hemendik aurrera, ostalariek beti eskaini beharko diete bezeroei iturriko ura dohainik edateko aukera. Era berean, administrazio publikoek iturriak jarri beharko dituzte beraien egoitzetan, edo behin baino gehiagotan erabil daitezkeen ontzietan eskaini beharko dute ura.
Lege honen beste helburu bat dendetan pisura erostea sustatzea da. Horretarako, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, 400 metro karratu baino gehiago dituzten elikagai dendek euren azaleraren %20 gutxienez eskaini beharko diete plastikoetan bildu gabeko produktuei. Horretarako, pisura saldu edo edukiontzi berrerabilgarriak erabili beharko dituzte.
Legeak adierazten duenaren arabera, «hondakinen arloko edozein politikaren helburu nagusia izan behar da ahalik eta gehien murriztea hondakinok sortzeak eta kudeatzeak gizakien osasunean eta ingurumenean duen eragina». Gainera, alferrik galtzen diren elikagaiak ere baditu jomugan: %50 gutxitu nahi ditu etxeetan eta txikizkako kontsumoan, eta %20 produkzio eta banaketa kateetan. Horren ondorioz, hondakin kudeaketak sortzen dituen gas isuriak hamar milioi CO2 tonatik jaistea aurreikusten du Madrilek.