Korrikaren azken kilometroen zirrara
Igandean momentu ederrak izan ziren Donostian, 22. Korrikaren azken egunean. Eta azken kilometroetan nabaritu zen euskaltzaleen poza, ilusioa eta urduritasuna. Euskal Herriko eragile nazionalek ibili zuten eskutik eskura Korrikaren lekukoa azken zatian, Bulebarreraino.
Irutxuloko Hitzako HITZAkiden baten senideek Etxerat elkarteari eman zioten, eta momentu horretan hasi zen Korrika azken kilometroak egiten. Ikastolen elkartea, Euskaltzaindia, alderdi politikoak, Hekimen euskal hedabideen elkartea, Gure Esku, Uema eta Udalbiltza, sindikatuak, Kontseilua… eta AEKko langileak. Bulebarra jendez lepo, txaloak eta euskararen aldeko oihuak. Eta bukaera ekitaldiko agertokira bidean, Karmele Jaio idazlea, aurtengo Korrikaren mezuaren egilea.
Irutxuloko Hitzak Korrikaren inguruan egindako bilduma berezia hemen.