Oteizaren eta Txillidaren obra elkarrekin lehenengo aldiz ikusgai, San Telmo Museoan
San Telmo museoan kokatu dute, urriaren 2ra arte, Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan erakusketa. Mugarri bat eskaintzen du artearen historian, lehenengo aldiz, Oteizaren eta Txillidaren obra elkarrekin aurkezten baitu. Erakusketak bi artisten erakunde legatudunen adostasuna eta lankidetza jaso du: Jorge Oteiza Fundazio Museoarena eta Txillida Lekurena. Erakusketa XX. mendeko Europako eskulturan “funtsezko bi figura” hil zirenetik ia 20 urte igaro direnean aurkezten dela azaldu du San Telmo Museoak.
Javier Gonzalez de Durana komisario duen erakusketak elkarrizketa bat pizten du haien eskulturen artean, eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetan egindako sorkuntza lanean oinarrituta dago. Hain zuzen ere, garai hartan elkar ezagutu zuten Oteizak eta Txillidak, eta adiskideak izateaz gain, bakoitzak “arreta eta interes handiz” ikusi zuen bestearen obra. Erakusketako ibilbideak beren pentsamendu estetikoen eta eskultura-lanen arteko elkarrizketa bat eskaintzen du, Oteizaren metafora paradigmatikoak eta Txillidaren metonimia sintagmatikoak maila berean agerian utzita.
Obrak ikuspegi kronologiko batetik aukeratu dira. 1948an hasten da, biek egindako bidaietatik abiatuta (Oteiza hona itzuli zenean Latinoamerikan egonaldi luze bat egin ondoren, eta Txillida Parisera joan zenean eskultore bihurtu nahian); eta 1969an amaitzen da (Oteizak Arantzazuko Basilikako estatua multzoa amaitu zuenean eta Txillidaren lehenengo obra publiko handia Europan instalatu zenean, Parisko UNESCOren eraikinaren aurrean).