Kote Cabezudori behin-behineko espetxeratzea luzatzeko eskatu dute akusazioek
Gaur amaitu da Kote Cabezudoren aurkako epaiketa, eta akusazioek Cabezudoren behin-behineko espetxeratzea luzatzeko eskatu dute. Behin-behineko espetxeratzeko lau urteak betetzear ditu, baina ezarrita duen beste zigor baten harira bi urte eta hiru hilabete espetxean egin dituela aintzat hartzeko eskatu du fiskalak, eta horiek horrela, oraindik ere behin-behineko kartzelaldia “luzatzeko”. Fiskalak adierazi du “atzeman ez diren” argazkiak dituela akusatuak, eta kartzelatik ateratzen bada berriz modeloen argazkiak argitara ateratzeko “arriskua” handia dela. Akusazio partikularrak ere berretsi du “hondamendia” litzatekeela Cabezudo kalera irtetea: “Material hori hor dago, eta azkenean atera egingo da”.
Gaurko saioan defentsak hartu du hitza, eta hasieran akusatuaren abokatuak biktimei “errespetua” erakutsi eta haien “ondoeza” onartu badu ere, gero guztiz bideratu ditu argudioak argazkilariaren jarduna zuritzera. Akusatuak biktima guztiekiko zuen portaeraren atzean “patroi” bera zegoela defendatu dute egunotan fiskalak eta akusazio partikularrak, eta justu kontrakoa adierazi du defentsak. Kasu bakoitza “espezifikoa” dela argudiatu du. “Kasu zehatzetara jo behar da, banaka-banaka”. Defentsak Cabezudo aske uzteko eskatu du, baina eskaera atzera bota du epaimahaiak, eta aurrerago horri erantzuteko auto bat aterako duela esan du.
Berria egunkariko Arantxa Iraola kazetaria ari da Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren jarraipena egiten. Irakurri albiste osoa Berria-ren webgunean.