Loiolako bulebarizazioa amaitutzat jo dute igogailu berriaren inaugurazioarekin

Loiolako zeharbide berria eta Amara Berri ikastetxeko Loiolako eraikina konektatzen dituen igogailu publiko berria martxan jarri ostean, amaitutzat jo du udalak gaur Loiolako bulebarizazioa deitu dioten proiektua. Marisol Garmendia eta Duñike Agirrezabalaga Ekonomia Bultzatzeko eta Hiri Proiektuetako zinegotziak izan dira gaur Alto de los Robleseko igogailuaren inaugurazioan.
Loiolako zeharbidea berritzeko lanak 2020ko uztailaren 14an hasi zituzten, eta hiru fasetan egin dituzte. Lehenengoan, zeharbidea gurutzatzen zuen oinezkoentzako pasabidea desmuntatu zuten; bigarrengoan, zeharbideko bide berriak eta Martutenerako espaloien aldeko urbanizazioa eraikitzen hasi ziren, baita Magdalena Juregiberri, Hariztigaina, Zuzenene eta Roblesko gaina kaleak ere; eta azkenik, bulebarizazioari ekin zioten Erdialderako bideak, eta kuarteletako biribilgunearen eta Loiolako Erriberako biribilgunearen arteko kaleak berriz urbanizatuz.
Garmendiak nabarmendu du obra “bikainak” izan direla, 6 milioi euroko inbertsioa izan dutenak. “2.500 metro karratu gune berde berreskuratu ditugu, eta 3.000 metro karratu gune publiko gehitu dira Loiolako auzoan”, azpimarratu du. Auzoz auzo Urumea ibaiko birsorkuntzaren alde lanean ari direla azaldu dute, eta obra hauekin Loiolako “auzo historikoa” berritu egin dela. “Bizilagunek parte hartu dute proiektuaren diseinuan, eta nik uste dut begi-bistakoa dela bizi kalitatearen hobekuntza nabarmena Loiolako bizilagunentzat eta donostiar guztientzat”, azpimarratu du. Obra honen ondorioz, auzoko merkataritza eta ostalaritza jarduera “indartu” egingo dela ere adierazi du Garmendiak.
Auzotarrek Loiolako zeharbideko gune berdeetan zuhaitzak landatzen ere hartu dute parte. Besteak beste, 50 ginkgo, 40 sekuoia eta 15 gereziondo jarri dituzte.
Agirrezabalagak azaldu du “trafiko askoz lasaiagoa duen zeharbidea” izatea lortu dela, eta, alde horretatik, auzoaren kalitatean eragin positiboa izango duela. “Bulebarizazioaren helburuetako bat trafikoa lasaiagoa izatea da. Lau errei izatetik hiru izatera pasa da zeharbidea, eta horrekin batera, abiadura mugak ere zehaztu ditugu. Ondorioz, emisioak murriztu egingo dira, eta, bestalde, auzotarrentzat gune lasaiagoa izango da”, nabarmendu du.