22. Korrikaren irudiak gure eskolako 'furgonetatik'
Amara Berri eskolan lan eta lan ibili gara Korrika girotzeko, eta jendearen erantzun bikaina ikusita, 11 egun hauetan egindakoaren kronika antzeko bat idaztea pentsatu dugu zuekin partekatzeko asmoz.
Ilusio handiz bizi izan dugu “izurrite osteko” aurtengo 22. KORRIKA gure eskola eta auzoetan. Eta edukitako arrakasta ikusita 11 egun hauetan bizi izandakoaren kronika txiki bat egitea pentsatu dugu zuekin partekatzeko:
MARTXOAK 31
Korrikaren hasierarekin batera, lehenengo egunetan eskolak apaindu eta Korrikaren abestiak jarri genituen eskola irteeretan (Loiola, Salaberria, Ferrerias, Urbieta eta Morlans eraikinetan). Horrekin batera korri egiteko petoak salgai jarri genituen eta den-denak saldu!!
Aldi berean, eskolako hainbat hizkuntzatan osatutako Zer da korrika? liburuxka partekatu genuen Ongi Etorri Eskolara proiektuarekin elkarlanean eta hainbat gurasoren partaidetzari esker.
APIRILAK 2
Larunbatean Amara Berri auzokoen txanda izan zen Berritsu Euskara Batzordeak antolatutako Korrika KULTURALArekin. Adin guztietako auzokideek parte hartzeko moduko egun osoko egitaraua antolatu zutelarik: triki ginkana, herri bazkari girotua eta Gora Gu ta Gutarrak DJak.
APIRILAK 6
Asteazkenean Morlans auzoaren txanda izan zen, eta Morlanstarrak Auzo Elkarteak Tiritatxorekin egin irri! ikuskizuna antolatu zuen haurren gozamenerako.
APIRILAK 7
Ostegunean, berriz, Amara auzoaren txanda iritsi zen eta auzoko eragile ezberdinen artean osatutako egitarauari esker, arratsalde ezinhobea igaro genuen Easo plazan: haurrentzako peto tailerra, HitzEkin abestiaren koreografia tailerra eta bukatzeko, Korrika txikia plazan.
Amara Berri eskolan ere eraikinen arteko Korrika Txikia egin zuten eskolako irakasle erretiratuek girotuta, han agertu ziren eskolako pailazoak, “Kika, Blas eta Jonas” animaliz inguratuak. Horrela, Urbietatik Ferreriaseraino lekukoa iristea lortu zutelarik.
APIRILAK 8
Eta ostiralean, Katalin Erauso eta Amara Berri eskolek elkarlanean antolatutako lehen Korrika Txikia egin genuen gure auzoetan zehar, Morlanstik atera eta Anoetako zabalgunera arte. Bertan, eskola bakoitzak bere mezu sekretua irakurri zuen eta guztion artean 22. Korrikaren abestiaren koreografia dantzatu genuen.
APIRILAK 10
Azkenik, oporrekin batera, egun handia iritsi zen, eta oso egun berezia izan zen Amara Berri eskolako komunitate osoarentzako, Antso Jakitunaren hiribideak eta Azpeitia kaleak topo egiten duten izkinean hasi baitzen Guraso Elkartearen lehenengo kilometroa. Eta horrelako egun seinalatu batean eskolako bi hitzekintzaile handi txalotu eta eskertu nahi izan genituen lekukoa eramanez:
Batetik, Ana Irastorza, Amara Berri Eskolako idazkaria, urteetan bere bulegotik, isilpean askotan, lan izugarria egin duena gure eskola egunetik egunera hobea izan dadin, eta bide horretan euskarak duen garrantziaz ohartuta, euskararen betaurrekoekin eskolari egunero begiratzeagatik.
Eta bestetik, Juanjo Arrieta, eskolak eta bereziki familiek euskararen transmisioan duten garrantziaz jakitun, bere garaian Guraso Elkarteko Euskara Batzordea bakar-bakarrik sortu eta martxan jartzeagatik, lehenengo euskara ikastaroak eta mintzapraktika taldeak bideratuz hainbat ekimenen artean.
Bukatzeko, Korrikaren azken kilometroen zirrara sentitu ahal izan genuen, eta familia giroan Aek-k Donostian antolatutako festa ederraren parte izateko aukera ere izan genuen.
Mila esker guztioi!