Auzipetu egin dute adin txikiko hiru neskari sexu abusuak egitea leporatuta atxilotu zuten Donostiako masajista
Iazko maiatzean adin txikiko hiru neskari ustez sexu abusuak egiteagatik atxilotu zuten Donostiako gizon masajista auzipetu egin dute, eta behin-behinean aske jarraitzen badu ere, 9.000 euroko fidantza ezarri dio epaileak. Hain zuzen ere, 2021eko martxoan adin txikiko neska batek salatu zuen masajista horrek sexu abusuak egin zizkiola, eta, ondoren, beste adin txikiko bi neskek gauza bera egin zuten. Epaileak kautelazko neurriekin aske utzi zuen gizona orduan, deklaratu ostean; esaterako, 18 urtetik beherakoekin lan egitea galarazi zion. Ordea, urrian, neurri hori indargabetu zuen Gipuzkoako Auzitegiak, eta behin-behinean aske jarraitzen du.
Salatzaileek 15, 13 eta 14 urte zituzten abusuak salatu zituztenean, eta akusazioaren arabera, masajistak masajeak eskaini zizkien, tentsioak, antsietatea eta estresa kentzeko. Ustez, adin txikikoen konfiantza bereganatu zuen, eta esan zien beharrezkoa zela euren parte intimoetan ere masajeak ematea. Gizona auzipetu egin dute orain, eta dokumentu judizialak dioenez, askatasun sexualaren aurkako delitu bat leporatu ahal diote horregatik guztiagatik.
Defentsak aurkeztutako helegitean, eginbideak amaitzeko eskatu dute, eta, aukera balego, kasua artxibatzeko. Era berean, nabarmendu dute ez dagoela ez “frogarik” eta ez “zantzurik” auzipetuak delituren bat egin duela pentsatzeko. Ildo horretatik, defentsak dio 9.000 euroko fidantza horrek ez duela “doitasun zientifikorik edo forentserik”.