Bi pertsona atxilotu dituzte gauean Grosen, taberna batean istiluak sortu ostean
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 23 urteko bi pertsona atxilotu ditu bart gauean Donostiako Gros auzoan, 03:00ak aldera, taberna batean istiluak sortu ondoren. Bat arma zuri batekin tabernako segurtasun langileak mehatxatzea leporatuta atxilotu dute, eta bestea ertzainei eraso egiteagatik, lehenengoa atxilotzen ari ziren bitartean. Biak polizia-etxera eraman dituzte, dagozkion eginbideak betetzeko eta agintari judizialaren esku uzteko.
Segurtasun sailak ohar bidez azaldu duenez, Ertzaintzak 03:00ak aldera jaso du Groseko ostalaritza establezimendu horretako abisua, bezero bat arazoak sortzen ari zelako. Patruila bat bertaratu da, eta establezimenduko atezainek agenteei esan diete handik alde egiten ari zen gizona zela arazoak sortzen ari zena. Haren atzetik joan dira ertzainak, baina gizonak ez die jaramonik egin, eta “jarrera agresiboa” izan du. Azkenean, inguruko kale batean atzeman dute, baita egiaztatu ere establezimendutik bota dutenean beste bezero bati eraso egin diola eta segurtasun langileak arma zuri batekin mehatxatu dituela. Horregatik, atxilotu egin dute.
Segurtasun sailaren arabera, beste atxilotuak “behin eta berriz mehatxatu” ditu agenteak jarduketan zehar, eta une batean jo ere egin ditu. Horregatik, polizia agenteak erasotzea leporatuta atxilotu dute.