Txuri Urdinek historia egiten jarraitzen du
Liga irabazi ostean, Txuri Urdinek historia egiten jarraitzen du, Kopa irabazi baitzuen igandean, Majadahondari 3-6 irabazita (2-0, 0-2 y 1-5). Liga ere Majadahondaren aurka irabazi zuten donostiarrek, eta, horrela, garaipen bikoitzarekin itxi dute denboraldia. Finala maldan gora jarri zitzaion Txuri Urdini, baina burua altxatzeko gai izan zen, eta neurketari buelta eman zioten Haizea Fernandezen, Leticia Abrisquetaren (bi aldiz), Cecilia Lopezen (bi aldiz) eta Maria Sernaren golei esker.
Futbolean, Realeko neskek gero eta gertuago dute hurrengo denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzea, asteburuan Sevillari 1-2 irabazi ostean. Nerea Eizagirrek gol izugarria sartu zuen zelai erditik 0-1-ekoa egiteko, eta Amaiur Sarriegik egin zuen bigarrena. Mutilek, aldiz, partida txarra jokatu zuten ostiralean, eta hutsean berdindu zuten Betisekin Anoetan. Horrela, ligako seigarren postuan daude txuri-urdinak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek garaipen batekin itxi du liga, Teneriferi 82-76 irabazita. Orain, ligako final-laurdenetan dute burua donostiarrek: igandean jokatuko dute lehenengo neurketa Gironaren aurka, Gascan. Gipuzkoa Basketi dagokionez, 61-67 galdu du asteburuan Melillaren aurka. Ligako hamargarren postuan daude donostiarrak.
Eskubaloian, Bera Berak gero eta gertuago du Ligako garaipena. Larunbatean 33-24 irabazi zion Atletico Guardesi, eta ligako hurrengo neurketa irabaziz gero (maiatzaren 7an, Gijonen aurka), Ligako garaipena Donostiara etorriko litzateke berriz, txapelketa amaitu baino hiru jardunaldi lehenago.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen Kopako finala
- Majadahonda 3 – Txuri Urdin 6
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 27. jardunaldia
- Sevilla 1 – Reala 2
Gizonezkoen lehen maila, 32. jardunaldia
- Reala 0 – Betis 0
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
- Ibaeta Basket 82 – Tenerife 76
Gizonezkoen bigarren maila, 29. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 61 – Melilla 67
Eskubaloia
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Bera Bera 33 – Atletico Guardes 24