Altzako kiroldegi berria, iruditan
Bihar goizean zabalduko dute Altzako kiroldegi berria, udalak iragarritakoa baino bi hilabete lehenago. Obren fasea bukatu ostean, otsailaren erdialdean hasi ziren kiroldegia ekipatzen eta behin-behineko irtenbide gisa gimnasio bat egokitu zuten Altzan, NAO etxean. Donostia Kirolak eta Judo Club San Sebastianek akordioa lortu dute irekita mantentzeko. Horrela, NAO etxeko gimnasioa irekita egongo da eta Kirol Txarteleko abonatuek gimnasioa erabiltzen jarraitu ahal izango dute. Gainera, Judo Club San Sebastianek arte martzialekin lotutako jardueren eskaintza egingo du, Altzako kiroldegian egiten diren jardueren osagarri.
Kiroldegia hedabideentzat zabaldu dute gaur, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea eta Martin Ibabe Kirol zinegotzia, kazetariei instalazioak erakusten.
Kiroldegi berriak sarraila elektronikoak dituzten armairuak ditu (Kirol Txartelarekin edo eskumuturrekoekin zabaldu ahal izango direnak); eta baita lau pista (saskibaloia edo gimnasia erritmikoa bezalako jarduerak aldi berean egiten ari direnean pistak bereizteko gortinekin); bideomarkagailu digitalak (pistetan eta igerilekuetan); sarrerako tornuak, musika-ekipoak edo pantailak jarduera aretoetan ere, klase birtualak eskaini ahal izateko aurrez aurreko ikastaroen osagarri gisa.
Bi igerileku ditu, bata txikia eta bestea handia. Txikiak 15 metroko luzera eta 1,30 metroko sakontasuna du, eta handiak berriz, 25 metroko luzera eta bi metroko sakontasuna. Waterpolorako ekipamendua ere badu igerileku handiak, izan ere, Waterpolo Donostia klubaren bitartez kiroldegian jarduera hori eskainiko da.
Igerilekuez gain, 400 m2-ko gimnasioa du, igerilekura eta kanpoaldera begira. Gimnasioak hainbat gune ditu: eremu funtzionala, kardiobaskularra, muskulazioa eta pisu librea. Bluetooth teknologiadun makinak ditu, kanpoko gailuekin konektatu ahal izateko eta erabiltzaileek entrenamenduak erregistratu eta lan kontrolatuagoa egin ahal izateko, monitoreak aholkatuta.
Gainera, Altzako kiroldegi berriak hiru jarduera-areto handi ditu, horietako bat pistako txirrindularitzarako ekipatuta, eta horietara eramango dira NAO etxeko behin-behineko gimnasioan ematen ziren ikastaroak.
Kiroldegiaren kanpoaldean obretan ari dira oraindik, baina etorkizunean janaria eta edaria saltzeko makinak, kanpoko igerilekua, umeentzako uretako jolasak eta eguzkia hartzeko lekua jarriko dituzte bertan.
Hemen behean ikus ditzakezue Altzako kiroldegi berriko irudiak: