Txernobylgo haurren aldeko erronka solidarioa hartuko du Altzako kiroldegi berriak
Altzako kiroldegi berriaren irekierak Txernobylgo haurrei laguntzeko erronka solidario bat ekarriko du apirilaren 21, 22 eta 23an. Chernobil elkartea garatzen ari den kanpainarako dirua biltzen laguntzeko asmoz, Altza eta Txernobyl artean (joan-etorria) dauden 6.344 kilometroak egingo dituzte, ziklo indoorreko aretoan pedalei eraginez.
Chernobil elkartea 1996tik ari da lanean hondamendi nuklearrak kaltetutako zonaldeko haurrak EAEko eta Nafarroako harrera familietara ekartzeko. Ukrainako haur eta familia horiek pairatzen dituzten osasun arazo eta arazo sozio-ekonomikoei gerra gehitu behar zaie orain, eta Olatz Linazisoro Chernobil elkarteko lehendakariordeak adierazi duenez, elkarteko kideen egoera “zeharo aldatu da” orain. “Ukraina gerra hasi aurretik egoera larrian zegoen, batez ere, landa eremuko familiak. Guk, gehienbat, familia horiekin egiten dugu lan. Esaten genuen harrera familiak behar genituela haurrak Euskal Herri osora etortzeko, kutsaduratik at egoteko. Orain gure egoera zeharo aldatu da. Lehen harrera familiak bilatzen genituen, baina gerra lehertu zenean esan genuen orain gure lana hor egotea dela”, azpimarratu du Linazisorok.
Azken finean, Chernobil elkarteko kideek “oso harreman estua” dute hango familiekin eta haurrekin, eta gai honek bereziki eragin die. “Gerra guztiak txarrak diren arren, hau oso gertutik bizi dugu. Askotan joan gara Ukrainara eta bertan izen-abizenak dituzten pertsonak ezagutzen ditugu. Denbora asko egon gara beraiekin harremanetan jarri gabe, eta orain poliki-poliki ari gara horri buelta ematen eta beraiekin hitz egiten. Pixkanaka, talde txikietan hona ekartzen ari gara hango familiak”, jakinarazi du. Gaur, adibidez, 22 pertsona iritsiko dira Ukrainatik Euskal Herrira.
Erronka solidarioa egingo den aretoko sarrera librea izango da pertsona guztientzat, eta diru ekarpenak egin ahal izango dira aretoan bertan eta instalazioaren sarreran egongo diren kutxetan. Gainera, Donostiako kirolaren babesa islatzeko, hiriko klub eta talde guztiak gonbidatu dira euren entrenamenduetako bat egitera areto honetan, kilometroak batzen laguntzeko. Dagoeneko, honako klubek baieztatu dute euren parte-hartzea: Donostia Arraun Lagunak, IDK Gipuzkoa, Triku Kirol Elkartea eta Waterpolo Donostia, besteak beste.
Parte hartzaileen borondatezko ekarpenez gain, erronkak lau babesle ditu eta horiek ere dohaintzak egingo dituzte kanpaina honetarako: Argysan, Dyincon Sistemas, Giroa-Veolia eta Rotary Club San Sebastian dira babesleak.