Udaletxetik abiatuta, noraino iritsi zaitezke bizikletan hamabost minutuan?
Asko hitz egiten da azkenaldian hamabost minutuko hiriei buruz, hau da, hiriko leku batetik bestera hamabost minutuan edo gutxiagoan heltzea ahalbidetzen duen hiri ereduaz. Haritik Hirira geografo taldeak (Josu del Campok eta Jon Maciasek osatzen dute) hiri eredu hori izan du hizpide oraingoan, eta nabarmendu dute bizikletaren erabilerak eraginkortasun handia izan dezakeela hamabost minutuko hiria lortzeko. Horrela, Euskal Herriko hiri nagusietako batzuk aztertu dituzte –Gasteiz (Araba), Donostia, Bilbo (Bizkaia), Iruñea (Nafarroa) eta Baiona (Lapurdi)–, honako galdera hau planteatuta: “Euskal Herriko zenbait hiritako udaletxeetatik abiatuz, zein da ordu laurdenean bizikletaz lortu dezakegun irismena?”.
Geografoek OpenRouteServices eta Google Maps erabilita kalkulatu dute aipatu hirietako udaletxeetatik abiatuta hirietako gainontzeko guneetara bizikletan tardatzen den denbora, eta, Donostiako kasuan, auzo askotara hamabost minutuan edo gutxiagoan heldu daiteke, baina beste hainbatetara ez.
Hain zuzen ere, bost minutuan heldu daiteke Parte Zaharrera, Kontxa ingurura eta Erdialdeko eta Groseko zati handi batzuetara. Aldiz, hamar minutuan heldu daiteke Erdialdeko eta Groseko beste zati handi batzuetara, Antiguako zati batera, Amarara, Amara Berriko zati batera eta Egiara, besteak beste. Azkenik, hamabost minutuko mugaren barruan daude Intxaurrondoko zati bat, Ibaeta, Loiola eta Txomiñenea, besteak beste. Ordea, hainbat auzo hamabost minutuko mugatik kanpo gelditzen dira: Ulia, Aiete, Añorga, Martutene, Igeldo, Zubieta, Altza eta Bidebieta, adibidez.
“Irismena soilik ez da nahikoa, eta benetan bizikletaz eginiko joan-etorriei bultzada eman nahi badiegu, azpiegituretan dago gakoa”, adierazi du Haritik Hirirak. Ildo horretatik, Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak (OCU siglekin ezaguna) urtarrilean argitaratutako txostena gogorarazi dute, bizikletan ibiltzeko estatuko hiri onenak aztertzen dituena. “Bertan, Gasteizko azpiegiturak azpimarratzen ziren egindako lan onagatik. Donostiako kasuan, aldiz, azpiegitura ona izan arren, atzerapauso bat eman dela aipatzen da”, nabarmendu dute geografoek. Hain zuzen ere, Donostiak bidegorri sare “ona edo oso ona” duela dio txostenak, baina baita 2013ko sarearekiko atzerapausoak atzeman dituztela ere.
Jarraian, Haritik Hirirakoen hari osoa:
HARIA. Asko hitz egiten da 15 minutuko hiriaz, baina ez gehiegi bizikletak hiri-eredu hau lortzeko bidean izan dezakeen eraginkortasunaz.
— Haritik Hirira (@HaritikHirira) April 18, 2022
Euskal Herriko zenbait hiritako udaletxetatik abiatuz, zein da ordu laurdenean bizikletaz lortu dezakegun irismena? ? #HaritikHirira pic.twitter.com/6ban0D5tG4