Bankuak eta barandak margotzen ari dira hainbat auzotan
Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuen sailak kanpaina bat jarri du martxan Donostiako hainbat tokitako bankuak, barandak eta beste elementu batzuk pintatzeko. Kanpaina urtarrilean hasi zen, eta beste aste batzuk luzatuko da, higatuta, zikinduta edo hautsita zeuden zenbait elementu prest uzteko. Orain artean, 300.000 euro gastatu direla jakinarazi dute.
Alderdi Ederren, Amaran, Ibaetan, Gernikako Arbolaren pasealekuan, Antiguan eta Ekialdeko barrutian (Intxaurrondon, Altzan eta Bidebietan) ari dira lanean, eta hauek dira kanpaina honetan sartzen diren elementuak: sofa modeloko bankuak eta bi eserlekuko banku tradizional txuri-urdin edo gorri-berdeak; horman ainguratutako eskubandak; barra bateko edo biko oinezkoentzako babesak, espaloia ibilgailuen zirkulaziotik babesten dutenak; eta burdinazko edo burdinurtuzko barandak.