Bertan behera geratu da udaletxean egin behar zuten Starlight gaua, eguraldiagatik
Donostiako Udalak jakinarazi du azkenean ez dutela egingo Aranzadi Zientzia Elkarteak udaletxean gaurko antolatuta zuen Starlight gaua, eguraldi txarra dela eta, ezingo delako behaketarik egin.
2007ko apirilaren 20an, Starlight Konferentziak gaueko zeruaren balioak babesteko nazioarteko kanpaina egiteko erantzukizuna hartu zuen. Horretarako, instituzio publiko nahiz pribatuei ekimen honetan parte har zezaten deialdia egin zitzaien. Donostiako Udalak eta Aranzadi elkarteak gau astronomikoa antolatu zuten gaurko udaletxeko terrazetan. “Gure gauak argi kutsaduratik babesteko helburuarekin neurriak hartu behar direla deialdia egin nahi da eta izarrak ikusteko hiritarrek dugun eskubidea aldarrikatu nahi da”, aldarrikatu zuten egitaraua argitaratu zutenean.
Eguraldi ona egingo balu, Aranzadiko Astronomia sailak teleskopioak jarriko lituzke gaur udaleko terrazetan. Gainera, Donostiako Udalak bere argiztapena itzaliko luke 21:00etatik aurrera eta ekintza ezberdinak egingo lirateke bertan, denak publiko orokorrari zuzenduak. Hala ere, euriarekin izarrak ikusteko baldintza egokiak betetzen ez direnez, ekitaldi hori bertan behera uztea erabaki dute.